argia.eus
INPRIMATU
Zerk egiten du faxismoa erakargarri?
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko maiatzaren 02a
Die welle
Die Welle. Zuzendaria: Dennis Gansel. Aktoreak: Jurgen Vogel, Frederick Lau, Max Riemelt, Jennifer Ulrich. Alemania. 101 minutu.

Alemaniarrek zergatik argudiatu zuten ezjakintasuna judutarrek pairatutako masakrearen aurrean? Ikaslearen galdera horri erantzuteko, Palo Alto Kaliforniako institutuko historia irakasleak esperimentua abiatu zuen 1967an: diziplina zorrotzeko erregimena ezarri eta indibidualtasuna ezabatu zuen ikasgelan, autokraziaren boterea erakutsi nahian. Saiakera bosgarren egunean bertan behera utzi behar izan zuen, egoerak eskuetatik alde egin ziola ikusirik. Izan ere, ikasleak elkarren zelatan hasi ziren, taldearekin bat egin nahi ez zutenak salatuz eta erasoz.

Esperientzia erreal hura oinarri hartuta, egungo Alemaniako ikastetxe batean kokatu du istorioa Dennis Ganselek. Die Welle (Olatua) pelikulan, irakaslea da ikasleei galdera egiten diena: “Alemanian beste diktadura bat egotea ezinezkoa dela uste duzue?”. Talde bateratua osatuko dute ikasgelan, janzkera, lema eta arau zehatzekin, eta gehienak erakarriko ditu taldeak, ez duelako axola nor eta nolakoa zaren, pentsamendua eta portaera bera izatea baino.

Zerk egiten du faxismoa erakargarri? Egungo sistema politikoari gain harturik III. Reich-a bueltatu ahalko litzateke? Filmak eztabaida sakona piztu du Alemanian. Dagoeneko 2,5 milioi lagunek ikusi dute eta ikastetxeetan proiektatu dute. Euskal Herriko aretoetara hil bukaeran iritsiko da eta ziur gurean ere zeresana emango duela. Gansel zuzendariaren ustez, sistema autoritarioek psikologikoki seduzitzen dute herritarra, mundu konplexuari erantzun sinplea ematen diote. Halaber, arazo ekonomikoak daudenean talde neonaziek indarra hartzen dutela dio, herrialde germaniarrean hala gertatu baitzen duela urte batzuk. Ikusi beharko da krisi ekonomikoak horretan ere eragiten duen.