Ni ere (ia) pederasta eta hiltzaile eta…

Iñaki Mendiguren
Dani Blanco
Lagunak lasaitze aldera, esan dezadan oraindik ez dudala inor garbitu edo zortzi urteko umerik bortxatu; baina lagun horiek beroriek kezkatze aldera, esango dut horrelakoak egin dituztenengandik hain-hain urrun ez naizela sentitzen, ikus dezakedala neure burua horiengan islatuta, eta senide sentitzen ditudala, “zaurituak” –nahi baduzue– baina senide. Eta ez naiz tolerantzia eskatzen ari!

Ez dut batere gogoko iritzi publikoan zabaltzen ari den giroa eta planteamendua arazo hauen aurrean; ez dut gogoko ez politikari askoren jokaera (PSOE+PP ituna Zigor Kodea aldatzeko); ez kazetari, iritzi-emaile, solaskide, blogari eta enparauetako askok esan edo idatzitakoak; ezta herritar xumeon artean gero eta zabalduago dauden jarrerak ere.

Espetxean urteak eman dituen pederastak irten eta bi egunera beste haur bat bortxatzeak, edo tratu txar errepikatuen egileak bere tragedia hilketa batekin bururatzeak, edo… eskema asko apurtzen ditu, noski. Biktima izan denak edo izan daitekeenak babesa eskatzen du, eskubide osoz! Horrelakorik ez gertatzeko baliabideak jarri behar dira, baina edozerk –adibidez, zigorra gogortze hutsak– ez du balio. Horrelako neurriekin ez dago aldaketa kualitatiborik, eta bestela ikusi datuak. Genero-indarkeriaren (edo ahulenen –besteak beste, haurren– aurkako indarkeriaren) zaku zabal horretan sar daitezkeen delituak ez doaz gutxituz.

Izan ere, haurrak edo emakumeak behin eta berriro bortxatzen dituenari, edo emazteari 30 labankada sartu eta gero bere buruaz beste egiten duenari, edo... gutxi axola zaio 10 urte espetxean egon ordez 20 egotea. Horrek ez du atzera botako, ez duelako horrelako kalkulurik egiten piztia izutuak eta inguratuak –are gutxiago bere buruaren izu-ikaraz itsuturik dagoenak–.

Erlijioan oinarrituriko moral-sistematik ustez bestelako batera (sekularra, laikoa…) igaro gara, baina funtzionamendu-eskema berberarekin. Oinarrian, lehen bezala orain, pentsatzen da gizakion osagai bakarrak adimena eta borondatea direla, zentzua eta erabakimena: egiten dugun guztia zertan gabiltzan ondo dakigula eta askatasun osoz egiten dugula. Beraz, izugarrikerien egileari ondorioak zorrotz ordainaraztea besterik ez da geratzen: paga dezala betiko infernuaz lehen, bizi arteko presondegiaz orain...

Baina hori gizakion psikismoaz ezer gutxi jakitea da: ez jakitea askotan nahi ez dugun horixe egitera kondenaturik gaudela, jaio ginenetik egokitu zaigun guztiaren zamaz; ez jakitea gure jokabidearen erroak askotan inkontzientean galdutako motibazio ilunetatik elikatzen direla. Maltzur ankerrak baino areago gara “engainatu” hutsak sarri. Hobe genuke kondenak ezker-eskuin banatzen jardun gabe, gizaki matxuratua “konpontzeko” sendabideak jarriko bagenitu, edo gizakion artean hainbeste gaixo sortzeko zer arraio gertatzen den galdetuko bagenu. Eraginkorragoa litzateke hori, espetxe berri erraldoiak azkar saturatzea baino!

Geure osasunaz –fisikoaz, gorputzarenaz– hain jabeturik bizi garen garaiotan, nola ez gara ohartzen geure arimaren, espirituaren, psikearen… osasun beharraz? Ala ez du horrek garrantzirik gizakiaren –eta gizartearen– osasun eta ongizate integralean? Gehiago aurreratuko genuke legelari, polizia, epaile... gutxiago, eta arima-ikertzaile, psikologo, terapeuta, osatzaile... gehiago bagenitu, gizakiari bizitzako eremu guztietan bere alde iluna, bere “itzala”, ongi kudeatzen laguntzeko. Horrela izango ahal da egunen batean!

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude