argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2008ko azaroaren 10

Fermin Muguruzak munduko 14 hiritara eraman duen musika estudioan jaso ditu Asthmatic Lion Sound Systema diskoaren (Talka) oinarri diren grabazioak. Musikari askok parte hartu dute musika beltza nagusi den lan berrian eta instrumentu, soinu eta ahotsen sanpleatuak Zigor Lampre DZ dj-ak egin ditu.

 

Tanttaka eta Albena antzerki konpainiek Jose Antonio Portillo eta Patxo Telleriaren Denboraren museoa obra estreinatuko dute Donostiako Victoria Eugenia antzokian, azaroaren 17tik 20ra eta 24tik 26ra bitartean. Portillok eta Telleriak idatzitako El Museu Del Temps antzezlana du oinarritzat, eta mundu osoko haurren istorio eta ametsak dira kontakizunaren ardatzak. Jose Ramon Soroiz, Santi Antero eta Carmelo Moreno dira aktoreak.

 
 

Antonio Ortiz Echagüe artistaren (Guadalajara, Espainia, 1883 - Buenos Aires, Argentina, 1942) 63 margolan daude ikusgai Donostiako Kutxa Boulevard erakusketa aretoan. Haren gurasoak Donostian bizi ziren, eta Ignacio Zuloaga eta Joaquin Sorollarekin batera, garai hartako sortzaile esanguratsuenetako bat da.

 

Cantemus Mixed Choir abesbatza hungariarrak irabazi du Tolosako 40. Nazioarteko Lehiaketako sari nagusia. Horri esker, datorren urteko maiatzaren 30ean Toursen (Frantzia) izango den Europako Sari Nagusian Tolosako lehiaketa ordezkatuko du. Horrez gain, ahots mistoen modalitatean ere nagusitu da Hungariako abesbatza, bai folklore atalean eta bai polifonian.