argia.eus
INPRIMATU
Donibane Garaziko kanporaketa: Bide beretik (Joxemari Ostolaza)
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 06a
Iparraldeko Bertsolari Txapelketa abiatu da Donibane Garazin. Lehena dugu, beraz, historikoa. Bertsolarien Lagunak Elkarteak antolatu du, nola ez, bere bide estrategikoari martxa luzeagoa sartuz. Euskal Herria bere osotasunean hartuz, interprobintziala dugu Hegoaldean ez bezala, hor, aspalditik herrialde bakoitzak berea antolatzen baitu.


Bertso sehaska


Garaziko Vauban aretoa hautatzean antolatzaileek asmatu egin dute, entzulegoa eroso jarririk, akustika oso on batez entzun baititu bertsoak inongo arrabots arrotzik soportatu beharrik gabe. Honek ere laguntzen du saio baten kalitateak beharrezko minimoak bete ditzan.



Kantatu zuten bertsolariak, Gilen Hiribarren, Xan Alkat, Xumai Murua, Sustrai Kolina, Maialen Arzallus eta Kristiñe Txoperena, Seaskako ikastoletako ikasleak izan ditugu, euskarak Iparraldean irauten badu, horiei esker dela bereziki frogatuz. Eta oholtzari erreparatu ezkero, azken urtetan eskolartekoetan eta Hernandorenetan antolatzaileek metatu eskarmentuak bide egin duela garbi geratu da. Ez direla hutsetik hasten, halegia.



Zazpi bertso eskola dauzkagu katalogatuta hiru herrialde hauetan: Baiona, Hendaia, Kanbo, Ustaritz Lapurdin, Garazi Baxe Nafarroan eta Maule eta Sohüta Xuberoan. Lapurdiko Hendaiakoa nabarmendu da Sustrai, Maialen eta Kristiñe izan baititugu lehen hiruak puntuaketari erreparatuz. Lehen biek, puntu berekin (336, 5) finalean kantatuko dute eta hirugarrenak (327) Urdiñarbeko saioan izango du aukera finalean bere lekua irabazteko.



Egindako ariketen artean, Sustraik eta Maialenek zortziko txikian bururatutakoaz geratzen naiz, kantaera zuzena tonalitate egokian eta elkarri erantzunez konplizitate handiz:



Sustrai ileapaintzailea da, eta Maialen, apaiz zaharra, etorri zaio orrazkera moderno bat egiteko galdegiten.



Sustrairen bigarren bertsoa:

Serorak lehendik ere
doaz elizara
beste proposamen bat
daukat hara hara:
zuretzat bi inplante
ta rasta gisara
Bob Marley berpiztea
errazagoa da.

Eta Maialenen erantzuna:

Beraz, hartuko duzu
orrazteko beta
baina ez zaidazula
zuk egin iseka.
Bob Marleyen jarrita
daukazu arreta?
Ezin dut meza eman
porroak erreta!



Izan ere Sustraik azken agurrean aitortu digun bezala, Maialenekin oso gustora kantatu du.


Hausnartu beharra


Kristiñek ere saio ederrik egin du, Maialenekin Afrikara joateko asmoak kantatu dituelarik:



Jadanik ez naiz ume ttikia,
koxkortu zaizu mutila,
baina Afrikan ez omen dago
hemen aina marabila.
Lur urrutian ez dago ezer,
eta hemen gauza pila...
Hemen kanpotar sentitzen naiz ta
noa harbasoen bila.



Bikain aritu dira kantuan biak ere, tonalitate berean bakoitza bere kolorez, afinazio zuzenez eta testoak edertuz. Plazer bat belarriz elkorra ez den edonorentzat.



Orokorrean, saio entzungarria izan zen, Xumai eta Gilen maila apalagoan aritu baziren ere. Bainan gehien sufritu zuena, bertso eskolatik pasatakoa ez den Xan Alkat izan zen. Teknika, behar bada besteek adina landua ez badu ere, hizkuntzaz eta bertsokeraz bereziena da, bertakoena. Eta bere ironia gustokoa suertatu zait. Hor badugu bertsolari bat.



Bukatzeko, gaiak. Oso tradizionalak izateaz gain, prebisibleak (puntuari erantzuteko bat bereziki, garai bateko “lau oinak emanda" zirudiena, "Batetik Hegoa ta / bestetik Iparra" zioena), eta maskulinoak oso. Eta bertsolarien artean hainbeste neska ikusirik, ofiziotako zenbait desegokiak oso, planto egiteko modukoak.



Maialenek kartzelan kantatutakoak bai doinuz eta bai kantaeraz (amona Ixabel zendu berriari ) bereziko nituzke, berriz ere entzuteko gogoz utzi bainau:



Beti hurrun ikusten da
heriotzaren min hori
norbait galtzen dugunean
gelditzen gara hilzori.
Ez nuen asko espero
orain aste bat edo bi
orain inguruan ditut
gorpu, meza ta hilobi.
Udazkena iritsi da,
udazken gris bezain hori
gure etxean ez dira
hostoak soilik erori.



Nora joan zara, amona?
ta nork egin dizu tiro?
Nolatan joan zara horren
goxo eta emekiro?
Zergatik ezin dut zure
harnasik entzun berriro?
Eta non aurkituko dut
nik horrenbeste motibo?
Nahiz ta dudan saminaren
laztasuna gora igo
berak ez luke nahi eta
ez dut nigarrik egingo.