argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2008ko azaroaren 16a

Mariasun Landa idazleak Euskonews & Media webgunean, euskal literaturan emakumeak gaur egun duen protagonismoaz: "Oso baikor ikusten dut panorama. Ikusten ditut neska gazte batzuk idazle onak datozela, eta pentsatzen dut txikitatik hezi direla berdintasunean eta unibertsitatera ere heldu direla modu berean. Aukera hori zabalduz joango da. Bai, emakume idazleak sortuko dira, gero eta gehiago. Zailago ikusten dut, dena den, emakumeok nola uztartu hemengo euskal sistema literarioan, gizonezko idazleen artean sare batzuk daudelako, sare moduan funtzionatzen dutenak eta ez dakit noraino emakume idazle gazte horiek onartuak izango diren, onartuta baldin badaude, eta zer preziotan. Edo baztertuak geratuko diren eta emakumeen arteko beste sare batzuk eraiki beharko genituzkeen. Gauza asko ikusteke daude oraindik".

 

Patri Urkizu literatura irakasleak Berrian: "Euskal antzerkiari buruzko azterketa sakon eta zehatza falta da. Nolanahi ere, tesi asko beharko lirateke, esaterako, errepublikako garaia soilik egoki aztertzeko (...) Antzerki serioaren eta komertzialaren arteko dialektika dagoela iruditzen zait. Oro har, antzezle onak daudela iruditzen zait, baina maiz arazoa gidoietan eta mezuan dago. Alor horren kalitatea zaintzea egiteko zaila da".