argia.eus
INPRIMATU
Zerk ikaratzen ditu beldarrak?
Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko maiatzaren 02a
Beldarra
AEBetako Tennesse-n dagoen Vanderbilt Unibertsitateko Ken Catania biologoak saiakera berezia egin du beldarren inguruan. Lurra altzairuzko barra batekin gogor jotzean zergatik beldarrak kanpora ateratzen diren jakitea izan da Cataniaren helburua. Orain arte bi hipotesi izan dira aurrekoa azaltzeko: batetik, euri gogorraren pean daudela uste eta ez itotzeko irteten direla; bestetik, beraiek jatera animaliaren bat datorrelakoan ihes egiten dutela.

Ken Cataniak Floridako baso batean egin ditu saiakerak. Egurrezko zutabe bat landatu zuen lurrean, eta altzairuzko barra batekin jo; horrela ikusi zuen ehunka beldar kanporatzen zirela. Aldiz, leku berean ur asko botaz –euri-jasa gogorra bailitzan– beldar gutxi batzuk baino ez zirela irteten ikusi zuen.

Biologoak erabilitako teknika ezaguna omen da nekazaritza munduan. Diplocardia mississippiensis izeneko beldar espeziea harrapatzeko eta hain preziatuak diren trufak aurkitzeko erabiltzen da, besteak beste.