argia.eus
INPRIMATU
Juan Kruz Lakasta
“Euskaldunok gure garaipenak baloratzeko arazoak ditugu”
Sustrai Colina 2008ko azaroaren 09a
Juan Kruz Lakasta
Josu Santesteban
Bera da goizero esnatzen zaituena.

“Gaur gurekin, Juan Kruz Lakasta, NAFARRA”…


Zergatik aurkezten da beti nafar bat nafar bezala? Ez zait batere gustatzen. Sekula ez lukete “Manu Etxezortu gipuzkoarra daukagu gurekin” esango.

“Kostaldezentrismoa!”, oihukatuko luke Gaizka Arangurenek.


Euskal komunikabideetan kostaldezentrismo handia dago, gure zilborrera begira egoteko mania. Iruñetik, Baionatik edo Gasteiztik, ikuspegi eta irakurketa oxigenatuagoak ukan daitezke.

Reyno de Navarrako komentarista kabinak itogarria dirudi ba!


Pentsa, hasieran ez nintzen bereziki Osasunazalea eta orain zale porrokatua naiz! Hori bai, garbi gera dadila, futbolzalea baino gehiago Osasunazalea naizela, eta Osasunazalea baino gehiago irratizalea.

Oso polita! Orain esadazu informazioaren gaixoa zarela...


Ez, are gehiago, prentsa irakurketa egiten dudanetik askoz gutxiago irakurtzen ditut egunkariak. Lehen hiruzpalau sakon irakurtzen nituen, orain hamabost bat azaletik, eta egunean zehar ez dut egunkariak eskuetan hartzeko batere gogorik izaten.

Lasai, kazetari batentzat pentsatzea geroz eta arriskutsuagoa da.


Batez ere, adin batetik aurrera! Kritikoa izan behar duzula pentsatzen baduzu, eta goitik datorkizuna onartzen ez baduzu, supermerkatuko kutxazaineko langile izaten buka dezakezu.

Teletipoak kopiatu eta prentsaurreko aspergarriak entzutea baino...


Eta prentsaurrekoek teletipoen geroz eta antza handiagoa dutela kontutan hartuz... Harrigarria da. Norbaitek galdera kritiko bat egiten badu debekatutako zerbait egiten ari dela dirudi!

Ez duzu lozorroan eroso dagoen piztia esnatu nahiko, ala?


Kazetariak notarioak dira. Oso argi dago komunikabide bakoitza zeinekin lerrokatuta, noren zerbitzura, eta noren soldatapean dagoen.

Zuri Euskadi Irratiak ordaintzen dizula, alegia.


Etengabe ibili naiz mugaren bila, eta eman didaten askatasunarekin harritu ere egin naiz. Oso ongi portatu dira nirekin. Askatasuna emateaz gain, babestu eta blindatu naute.

Intsumiso izateagatik espetxeratu zintuztela jakinda beldurtu egingo ziren!


Gizarte auzi batekiko ikuspegi kritiko eta koherente batek espetxeratu ninduen. Horixe da, funtsean, analisiarekin egiten saiatzen naizena.

“Intsumisioa, intsumisioa!”.


Ez dakit genetikoki daukagun zama ote den, edo Rh-an daramagun zerbait, baina euskaldunoi kexatzea asko gustatzen zaigu. Hala ere, gero gure garaipenak baloratzeko arazoak ditugu.