argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2008ko azaroaren 03a

Cy Twombly artistaren (Virginia, AEB, 1928) ehun pintura, marrazki eta eskultura izango dira ikusgai 2009ko otsailaren 15a arte Bilboko Guggenheim museoan. Gaur egungo arte munduan eragin handiko artista da Twombly. Historia, poesia, mitologia klasikoa eta Mediterraneo aldeko paisaia dira artistaren inspirazio iturri.

 

Doris Lessing Nobel saridunaren Belarra kantari nobela (Elkar) “gogor” eta “ederra” euskaratu du Koro Navarrok. Istorioa Hegoafrikan kokaturik dago eta heriotza, arrazakeria eta matxismoa gordin islatzen ditu. Bestalde, Alberdania argitaletxeak Nathacha Appanah idazlearen Le dernier frére nobela plazaratu du euskaraz, Azken anaia izenburupean. Afrikako kartzela batean preso dagoen mutikoaren eta hango zaindari baten semearen arteko harremana du ardatz. Mikel Garmendiak euskaratu du.

 
 

Francisco Pomaresek eta Bartolomeo Pinellik 1816an elkarrekin egindako grabatuak bildu dituzte Arabako Arte Ederren Museoan. Multzo osoa sei estanpatan zatitutako Iberiar penintsulako mapa batek eta Independentzia Gerrako gertakariak kontatzen dituzten hogeita hamahiru eszenak osatzen dute.

 

Fernando Garcia de Cortazar historialari bilbotarrak irabazi du Espainiako Historiako Sari Nazionala. Historia de España desde el Arte liburuari (Planeta) esker irabazi du 20.000 euroko balioa duen saria. Deustuko Unibertsitateko Historia Garaikideko katedraduna eta Vocento Fundazioko zuzendaria da Garcia de Cortazar.