Dani Blanco
Erakunde publikoak euskarazko telebista kate berria estreinatu duen honetan, hizkuntzen aferari heldu nahi diot. Sarri ere ez, baina maiztasun anekdotikotik harago bai, ikusten eta entzuten ari naiz euskal hiztun onak erdara kaxkarrean mintzatzen. Zer dela eta?
Erakunde publikoak gonbidatu egiten du herritar elebiduna bietan aritzera? Adeitsuki behartu? Hots, “hizkuntza bietan edo batere ez” esaten dio? Oker ez banago, erakunde publikoaren jokabide orokorra da herritar elebidunari bietan egiteko eskatzea. Orduan, galdera bat da: horrek euskararen normalizazioari laguntzen dio ala kalte egiten dio?
Beste galdera bat da: euskal herritar elebidunak nola jokatzen du? Hasteko, erakunde publikoak gonbidatutakoak interesa izan dezake bietan egiteko, baina, demagun interesa ez duela herritarrak baizik erakundeak, orduan gerta daitezkeenak, funtsean, hirutara bil litezke: 1. Herritarrak gustura onar dezake hizkuntza bietan egiteko gonbita. 2. Ez hain gogoz, edo kontra, onar dezake, eta 3. Uko egin diezaioke gonbitari, eta esan euskaraz edo batere ez, edo alderantziz, erdaraz edo batere ez.
Kasuistika orokorraren berririk ez dut. Kasuistika hori azaltzeko arrazoiak ere konplexuak izan daitezke –zenbateraino eragiten ote du euskaldunaren gutxiagotasun konplexuak: ez dudala nahi esaten badut ez dakidala pentsatuko dute; edo gonbidapena ez onartuz gero, politikoki mutur batekotzat edo bestekotzat joko duten beldurrak– baina nire iritzian: euskal hiztun onak erdara kaxkarrean aritzera gonbidaturik edo adeitsuki beharturik, erakunde publikoak bere ekarpena –ez dakit handia edo txikia– egiten dio gurean dugun hizkuntzen egoera desorekatuak bere horretan iraun dezan.
Horretaz gain, ETB2ko zenbait telesaio “betetzeko” balio dute, erdaraz gaizki hitz egiten duten “kaxero”en rolak bizirik atxikitzeko, barre lerdoak eginaraziko dituztelakoan.
Nire iritzian egungo politikak ez du hurbiltzen euskal herritar erdalduna euskal mundura. Telebista kate publikoak euskaraz egitera gonbidatu behar luke euskaldun elebiduna –azpitituluekin edo gabe–, erdaraz soilik egin nahiago duen eleaniztuna bietan egitera, eta inoiz ez behartu ezta gonbidatu ere, euskaraz bizi dena erdaraz egitera.
Politikarien erabakiak gorabehera, euskaldunok badugu otzanegiak ez izateko aukera eta kasik beharra esango nuke. Ados?