argia.eus
INPRIMATU
Bertsozale perfektuaren gida
Xabier Paya @xabipaya 2008ko azaroaren 09a
Xabier Paya
Iñigo Azkona
    I

Hegoaldeko iparraldean
eta Euskal Herrikoan
bertsolarien txapel handiak
jarri dituzte jokoan.
Nahiz eta erraz fijatzen garen
hankamotz eta potoan,
zale modura zertaz ohartu
esango dizut gaurkoan,
denak erratu gintezkeela
jakingo duzulakoan.

    II

Bertsoak, hitzez eraikitzen den
eskulturaren modura,
orekatua behar du izan
oin bakoitzetik burura;
hargatik zorrotz aplikatzen da
silaben arkitektura
eta errimak betetzen badu
hoskidetasun ohitura,
buztina soilik hortik aurrera
izango da eskultura.

    III

“Barkatu baina”, “gaurko honetan”
eta mila emendio
izaten dira bertsoa azkar
sortzearen ondorio.
Nahiz noizean behin erabiltzea
ez den zigortzen serio,
ideia on bat bertsotzen bada
hitzok direla medio,
adabakidun prakak bezala,
ez du gehiegi balio.
   
    IV

Zigor ugari badago ere
guztia ez da isuna,
saritzen baita zorrotz zaintzea
oinen hoskidetasuna,
neurri motzean gauzak natural
esateko gaitasuna,
informazio sinesgarria,
zuzeneko erantzuna...
eta batik bat zuri barruan
zerbait eragin dizuna.

    V

Abiadura ere neurtu
behar da nire ustean
bertsolaria denboraz ahaztu
bailiteke tupustean:
ez dabil ondo kantatzen badu
hitza hitzaren ostean
edo atseden har bazeneza
kantatua idaztean...
Zazpi egunak bakar-bakarrik
kabitzen dira astean.

    VI

Bertsoa bereiz litekeen arren
mailaka eta neurrika,
gauza puntual bezala hartu
puntuazio-teknika.
Notak zein diren ez jakin arren,
nahiz ez jakin zer den plika,
ezjakin horrek bihotza eta
belarriak irekita
puntako mila adituk beste
goza lezake musika!

Doinua: Hil da Canovas