argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2008ko azaroaren 03a

Josetxo Silguero Sigma Project taldeko saxofonistak Garan: "Gure politikarientzat kultura masari zuzendutako zerbait da: Guggenheim, Tabakalera, jazz eta zinema jaialdiak... Hori ez da kultura babestea, turistikoki erakargarriak diren gauzak sortzea baizik. Kulturatik berehalako etekin komertziala ateratzea bilatzen da. Hori kontraesana da, horrela ezin baita publiko hezia eduki. Ez du ezertarako balio jazz jaialdira munduan famatua den pertsona ekartzea eta urte guztian zehar talde txikiei laguntzak ukatzea".

 

Kepa Ibarra Gaitzerdi antzerki konpainiako zuzendariak Aldaketa Hamasei aldizkarian: "Bilbo guztia izan da guretzat. Abangoardistak izatera eta tradizioarekin batere zerikusirik ez duten gauzak egitera behartu gaitu. Hiri gris eta kontraesankorra da. Eta guk giro horretan txertatu behar izan dugu gure burua. Horretarako beltza erabili dugu sarritan, baita maleta ere, bidaiari petoaren ikurra, bilbotarrak joan-etorrian aritzen baitira beti. Kanpotik etorri direnen ikur ere badira maletak".

 
 

Jose Angel Irigarai idazlea bertsolaritzaz Berrian: "Lehia beharrezkoa da, lehiari esker etsipenetik ateratzen gara. Baina, txapelketa saltzeko, ez dezagun bertsolaritza saldu (...) Txapelketa nahitaezkoa da, arauak, tentsioa... baina orgiastikoak liratekeen jardunaldiak eta saioak antolatu beharko lirateke. Oxigenoa hartzeko, bakarrik norgehiagokara ez mugatzeko. Lehiakortasunaren tamaina gorde behar du bertsolaritzak (...) Beste arte sailek krisialdi sakonak izan dituzte, baina bertsolaritza kalterik gabe atera da krisietatik".