Nobedadeen xerka zabiltzatenok, segi hurrengo orrialdera.
State of fear (Beldur egoera) nobela ez da preseski labetik atera berria –2004an argitaratu zuten–, baina haren gaia egunerokotasunaren ardatzetako bat da, eta luzaroan izango: beroketa globala, aspalditxo gurean instalatutako kezka nagusietakoa, nola garai batean gerra nuklearraren mehatxua.
Michael Crichton hitza dolar bihurtzeko abilidadea duen idazle horietakoa da. Berak sortu zituen
Jurassic Park-eko mundua eta
ER (gaztelaniazko
Urgencias) telesaila, besteak beste.
State of fear-ekin, bere alea ipini nahi izan zuen Lurraren beroketari buruzko eztabaidan. Nobela izan arren, saiakeratzat hartua izan da, egileak bibliografia mardula aipatzen duelako eta bere iritzia argitzen duen azken solasa gehitu diolako narrazioari. Laburbilduz, Crichtonek ezbaian jarri nahi zuen Lurraren beroketaren inguruko kontsentsu zientifiko gero eta zabalagoa. Konparazio baterako, itsas mailaren igoerari buruzko datu batzuk gezurtatzen dira nobelan. Egileak fikzioa dela azpimarratu du, baina...
Liburua liberalismo amorratuenaren kutun bilakatu zen hasieratik, Crichtonek, bere adierazpen publikoetan, alde bateko zein besteko muturreko jarrerak salatu arren. Sartu “liberal” hitza Interneteko bilatzaile batean, eta hantxe duzu webgune zerrenda oparoa: klima aldaketa gizakiak eragiten duela ukatuko dizute behin eta berriz, non ez duten besterik klima aldaketa bera ukatzen. Crichtonen artikulu bat baino gehiago aurkituko duzu itsaso horietan nabiatuz gero. Hark ez ditu ezbaian jartzen ez beroketa ez gizakiaren eragina, baina froga argirik eduki gabe gehiegizko katastrofismoa zabaldu dela uste du. Argentinako
www.axxon.com atariaren arabera,
State of fear ezinbesteko erreferentzia bihurtu zen Bush administrazioak beroketa globalari buruz erabilitako diskurtsoan. Hara, nobelaren boterea.