argia.eus
INPRIMATU
Talaian
Kutxa bakarra Euskal Herriarentzat
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 02a
Berriro hasi da EAEko aurrezki kutxen bat-egitearen eztabaida. Biko fusioaz hitz egin da, BBK eta Kutxaren artekoaz, Arabako Vital eta Nafarroako CAN kanpoan utziz. Ikuspegi lokalista, eta gehienez, autonomista erabili da, Euskal Herria alboratuz. Euskal Herriak aurrera egiteko finantza erakunde indartsuak behar ditu eta aurrezki kutxa bakar hori izan liteke aukera.

Zertarako nahi dugu kutxa bakarra? Ez dugu banketxe moduan jardungo duen finantza erakundea nahi, alegia, eremu errentagarriena den horretan inbertituko duena, armagintzan esate baterako (BBVAk eta beste hainbat erakundek hala egin dute). Ez dugu nahi ahalik eta etekin handiena atera eta bere akziodunen, eta bereziki akzio-gehiengodunen artean, ondo geratu nahi duen finantza erakundea. Gure gizarte eta herriaren beharrak aseko dituen kutxa bakarraren alde egingo dugu. Euskal Herrian inbertituko duen eta inbertsio espekulatiboak (Kutxari Andaluzian eta Levanten gertatutakoak gogoratu) egingo ez dituen kutxa bakarraren alde egingo dugu. Euskal Herria sozialki eta ekonomikoki egiturako duen kutxa bakarraren alde egingo dugu. Azpikontratazioa eta eskastasuna desagerraraziko dituen lan kontratazio eredua ezarriko duen kutxa bakarraren alde egingo dugu. Gizarte ekintza edukiz berrituko duen kutxa bakarraren alde egingo dugu. Gizarte zibilaren, eta ez alderdi politikoen, tresna izango den kutxa bakarraren alde egingo dugu.