Jeffrey Bada eta haren lankideek Stanley Miller ikerlariaren lanari jarraipena eman eta lortutakoa argitara eman dute Science aldizkarian. Millerrek urte luzetan jardun zuen Chicagoko Unibertsitateko Harold Urey Kimika Nobel Saridunaren laborategian. Stanley Millerrek ez zituen inoiz bere ikerketak argitaratu, baina kasualitatez, Jeffrey Badak jaso zituen Millerrek lanean erabilitako paperak eta tresneriak.
Paperetan, Lurreko lehen zelula biziak sumendietatik isuritako molekula organikoetan izan zezaketela jatorria adierazten da; hori frogatzeko hainbat tresna eta lagin sortu eta erabili zituen Millerrek. Haren saiakerak errepasatu dituzte eta ez dute akatsik topatu. Are gehiago, sumendien eragina, antzinako atmosferaren sorreran ez ezik, biziarenean ere uste baino garrantzizkoagoa izan zela gero eta ziurragoa da. Agian hain gutxi ezagutzen den atmosferaren sorrera argitzen denean, garbiago geratuko da sumendien eragina zein izan zen.