Sutanblai fenomeno paranormalei buruzko programa batentzako izena zela esatekotan egon naiz, baina...
Ez esan zuk ere txikitan telebistan agertzearekin amesten zenuenik...
Neurri batean bai, baina ez nuen esaten “ama, telebistako aurkezle izan nahi dut!”. Gustatzen zitzaidan mundu bat zen, ez helburu bat.
Oso ongi geratu zaizu. Oso natural.
Naturaltasuna da aurkezle batengan gehien estimatzen dudana, transmititzen zailena delako, agian. Horregatik gustatzen zait izugarri Jesús Vázquez.
Jesús Vázquez ez, zuri kamera gustatzen zaizu!
Nire laneko elementu garrantzitsua da. Nik maite dut, eta uste dut berak ere maite nauela ni.
O, zer polita! Baina ez dut sinesten telebistaren mundua hain polita denik.
Lanik gabeko tarteak krisiak dira. Curriculumak banatu, jendearekin hitz egin, zure burua saldu... Soldata baten beharrean bazaude oso gogorra da. Punta-puntan zaudenean denek maite zaituzte, baina egun batetik bestera ez da inor zutaz gogoratzen.
ETB1-en audientzia datuekin gogoratzean zer egin behar dut, barre ala negar?
Audientzia datuak apalak dira programazioarekin asmatzen ez dugulako. Audientzia ez da tontoa, nahi duenean aldatu dezake katez. Harrapatzeko, nahi eta behar duena eman behar zaio.
Nik uste nuen orain arte aurkeztu dituzun programak funtzio hezitzailea zutela.
Era batera edo bestera bai. Saiatzen gara modernoak izaten, topikoetan ez erortzen, gidoiak apurtzaileak egiten... Ez zait politikoki zuzena izatea gustatzen. Baina ez da erraza hortik alde egitea, ez dago beti gure esku.
Pantailan ematen duzun irudia zure esku dago?
Hasieran ez, orain gehiago. Dena den, telebistako Nerea Alias pertsonaia bat da. Pantailan paper bat egiten dut. Ezin dut egun guztia barrez pasa!
Aurkezle ez, zuk aktore izan nahi duzu!
Nahiko
teatrera naiz eta asko gustatuko litzaidake. Ez dakit balio dudan, ordea. Baten batek “tira, tira, segi umeen programak aurkeztera!” esango didan beldur naiz.
Bizitza guztian Betizuko aurkezlea izatera kondenatuta zaude, amiga!
Oraindik ere, askorentzat Oker-ekin ateratzen den Nerea naiz. Oso zaila izan arren, jendeak momentuan egiten ari naizenarengatik baloratzea espero dut, ez aspaldiko lanengatik. Denbora eta jarraikortasun kontua da.
Lasai, hor zauden bitartean ETBk zure irudia majo erabiliko du.
Horregatik dago hain ondo ordainduta lan hau. Nire soldataren barruan sartzen dela badakit, eta kontratua sinatzen dudanean oso ongi dakit zer sinatzen ari naizen.