argia.eus
INPRIMATU
Izpiritu olinpikoa vs. David gnomoa
2013ko maiatzaren 02a
Paula Kasares
Mikel Saiz
Olinpiaden bestondoa pasatu da. Citius, Altius, Fortius lelopean antolatzen den gertaera mediatikoa –edo orain erraten den bezala, merkatuteknikoa– akitu zen eta harekin batera apaldu ziren, pixka bat bederen, banderen itzalpean baino ez egiten diren norgehiagoka eta lehien asaldura nazionalak. Gaurgero estatuek euren lepoetatik zintzilikaturik dituzte dominak, euren handitasun eta boterearen bitxiak bailiran. Handiago, garaiago, azkarrago nahi izan horretan ohitu gara, atletismo pistetatik at ere. Bizitza eta lehia berdintzen duen ikusmoldeari men eginda gaude, antza.

Olinpiaden prestaketaren algaran bete-betean, intelektual espainiar batzuek (Jose Antonio Marinak, Aurelio Artetak, Felix de Azuak, Albert Boadellak, Arcadi Espadak, Carlos Martinez Gorriaranek, Alvaro Pombok eta Fernando Savaterrek, bertzeak bertze) Manifiesto por una lengua común bota zuten iritzi publikoaren joko zelaira estatuko hizkuntza politika publikoan eragiteko asmo garbiaz. Handiago, garaiago, azkarrago izateagatik edo, preseski, hala nahi dutelako gaztelania lehenetsi eta bertzeei nagusitzea aldarrikatzen dute.

Garai horretan ere, handiago, garaiago, azkarrago nahi izate horren ideologia linguistikoa biluztu du Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalariak. Morenok –Madrilgo Unibertsitate Autonomoko hizkuntzalaritza katedraduna izateak ematen dion susmogabetasun osoz– hizkuntza nazionalismo espainiarraren ideologia aztertu eta ideologia horrek gaztelaniaren nagusitasunaren alde egiten duen defentsa ideologizatua utzi du agerian. Diskurtso zientifikoaren azal jantziaz, hizkuntza nazionalismo espainiarraren ideologiak kontzeptu linguistiko eta soziolinguistikoak manipulatuz, hizkuntzen arteko desoreka prozesu natural baten ondorio gisa agertzen du. Hau da, gaztelania handiago, garaiago eta azkarrago balizko izate hori naturaltzat eta nahigarritzat jotzen du.

Horren guztiaren ondotik, uda, olinpiadak, hizkuntza amankomunaren manifestua eta nazionalismo linguistiko espainiarraren ajeak pasatuta, segitzen dut pentsatzen bertzelako mundua genukeela bizitza omen den lehia honetan beti nagusi izatea erdietsi nahi duen etika beharrean, adintsua bezain zaharra zen filosofo basoko txikitxoak utzi zigun irakaspena nagusituko balitzaigu: David gnomoak erraten zuen bezala: “Inor ez da hobea handiagoa, garaiagoa edo azkarragoa izateagatik”. Hala biz.