argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2021eko uztailaren 16a

Eider Rodriguez idazleak irabazi du Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak antolatu ohi duten Igartza Saria. Errenteriarrak 6.000 euroko diru-laguntza jasoko du Katu jendea ipuin liburua idazteko. Liburua Elkarrek plazaratuko du.

 

Rafa Ruedak Zuhaitz okerretan gora noa (auto-ekoizpena) bakarkako hirugarren diskoa kaleratu du. AEBetako hiru musikari ezagunek parte hartu dute diskoan: Fernando Saunders baxu jotzaileak, J.T. Lewis bateria jotzaileak eta Jane Scarpantoni cello jotzaileak. Joseba Irazoki gitarrista ere alboan izan du Ruedak.

 
 

Sylvet Caro idazleak eta Marko Armspach marrazkilariak BataKlon eta Karamelo sorgina (Alberdania) ipuina plazaratu dute. BataKlon ahariaren abenturak jasoko dituen ipuin bildumako lehen alea da. Sei urtetik gorako haurrei zuzendurik dago eta Kattalin Totorikak euskaratu du frantsesetik.

 

Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitza Villabonako Subijana Etxea izango da aurrerantzean. Mintzola izena eman diote eraikinari. 900 metro koadro ditu eta elkartearen lan ildo nagusiek –transmisioa, sustapena, ikerkuntza eta komunikazioa– bat egingo dute bertan. Xenpelar dokumentazio zentroa, adibidez, hara eraman dute jada.

 
 

Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheim Museoko zuzendaria, Guggenheim Fundazioaren Estrategia Globalaren arduradun izendatu dute. Besteak beste, Abu Dhabiko (Arabiar Emirerri Batuak) eta Guadalajarako (Mexiko) museoen proiektuak kudeatu beharko ditu. Gainera, Guggenheimek New Yorken, Bilbon, Venezian eta Berlinen dituen museoen arteko elkarlana koordinatuko du.