argia.eus
INPRIMATU
Euskara askatu!?!
Joxerra Garzia 2013ko maiatzaren 02a
Joxerra Garzia
Lotuta, bahituta edo giltzaperatuta dagoena soilik aska daiteke.

Beraz, euskara askatasunean nahi duela aldarrikatzen duenak euskara orain arte preso egon dela uste du.

Kartzelara behartuta joaten da jendea, ez borondatez.

Beraz, euskara ere norbaitek hartuko zuen preso.

Nork, ordea? Euskararen munduan aritu direnek, noski: euskalgintzakoek eta erakundeetakoek. Hitz batean, euskaltzaleek.

Euskaltzale izateko ez dago, berez, ez nazionalista ez abertzale zertan izanik.

Orain arte, ordea, nazionalista edo abertzale izan dira euskaltzale gehienak, nahiz orain euskararentzat askatasuna aldarrikatzen dutenen artean bakarren bat badagoen, nazionalista eta abertzale gehienek baino lan gehiago egindakorik euskararen alde.

Nazionalismoarekin eta abertzaletasunarekin lotuegia ikusten omen dute aldarrigileek euskara.

Egoera oso bestelakoa litzateke, ordea, euskara “askatzen” orain ez, baizik 25, 30 edo 40 urte lehenago hasi izan balira.

Euskaraz eta askatasunez bizitzen aspaldi tematu ginenok biziki eskertuko genien hori. Euskarak berak ere bai.

Ongi etorri, hala ere, euskararekin lotzea baita euskara askatzeko modu bakarra.