Mugarri zaharren oroitzapen galduetara

  • Gure herri zaharrean, antzinako kontuei lotutako guneak ez dira eskas. Hauetatik bat da, Ipar Euskal Herriko Lauhire izenekoa. Han zehazki topo egiten dute Bearnoak, Nafarroak (Beherea, gaur egun) eta Zuberoak, eta hori gogorarazten dute bi mugarri zahar-zaharrek.
Zohotako eliza
Allande Sokarros
Abiapuntu izango dugu Arboti-Zohota udalerriko auzune den Zohota. Donapaleu eta Salbaterra (Bearnoa) arteko errepidea utzita, ipar-mendebalderantz bide txikiago bat hartuko dugu, bi kilometro eskasez Zohotara heltzeko. Eliza alboan utziko dugu ibilgailua, hementxe abiatzen baita oinezko gure txangoa. Elizatik gorantz –ekialderantz– hasiko gara ibiltzen etxe multzo batera daraman bidean. Hori, hiruzpalau metro ondoren, bide harriztatu bilakatzen da, horiz seinalatutako ibilbidea delarik ere. Bidegurutze batera iristean, ezkerrerantz hartuko dugu, burdinazko gurutze bati buruz. Hortik 200 metrora beste bidegurutze batean, berriz, zuzen joko dugu, hortxe utziko dugularik, aldiz, ibilbide seinaleduna.

Nahiz eta altuera oso gutxikoa izan –200 metro baino baxuago gara– hasiera honetatik oso ederra da ikusmena. Hala, mendebaldera begiratuta, ezagutuko ditugu, hurrenez hurren, Artzamendi, Iparla, Larrun, Urtsumendi eta hegoalderantz, aldiz, Zuberoako eta Bearnoko hainbat gailur, Ahüinemendi eta Orhi tartean. Beste bidegurutze batera heltzean, ezker alderat joko dugu, frantsesez idatzitako bi pankartari buruz: “Attention, palombières” (Kontuz, usategiak) eta “Palombières, sifflez” (Usategiak, xistu egizue). Baso baten sarrerara heltzean, pankarta batek ohartaraziko digu, aldiz, eremu pribatuan sartzear gaudela. Hobe hori ez egitea eta ezkerraldeko alorrean sartzea. Haren hesi edo sapar bazterrari jarraituz, beste alor batean sartuko gara, ertz-ertzetik ibilita beti, eta beherantz seko jaitsiko. Beheko aldean, lur bide labur batek bide txiki-txiki batera eramango gaitu eta horretan eskuin alderat joko dugu.

Mendetan ahantzitako bi mugarri

300 bat metroren buru, hitzordua daukagu gure herriaren historia aberatsarekin. Ibilgailuentzat egokitutako bidea bukatzen den lekuan, eskuin aldera, ikusiko dugu Lauhireko mugarri zaharra, 1395. urtean hortxe ezarri zutena. Leku horretan, zehatz-mehatz, topo egiten dute Bearnoak, Nafarroak (Nafarroa Beherea, gaur egun) eta Zuberoak. Bearnoa ipar-mendebaldean da, “V” baten forma duen pentze batek ordezkatua; Nafarroa, hegoaldean eta mendebaldean, alor eta pentzez osatua eta, Zuberoa, ipar-ekialdean, basoz jantzita.

Mugarri zahar hunkigarri honen alboan berriki jarri duten argibide ohol batek, lau hizkuntzatan –euskara barne, baina bearnesa falta– azaltzen du Karlos Noblea Nafarroako Erregeak zuela zedarri hau jarrarazi. Alegiak dio ere, leku honetan bertan elkartu zirela, 1462. urtean, Aragoi eta Nafarroako Errege Joanes II.a, Bearnoko Bizkonte Kaston IV.a eta Frantziako Errege Louis XI.a eta hortxe bazkaldu zirela. Gune honek menderen mendetako kate luzearekin duen lotura indartzen du, halaber, Donajakuerako Vezelay ibilbidea hortxe igarotzeak.

Lauhireko mugarri zahar hau oso gutxi bada ezagutua, are gutxiago Bearno aldean, 200 metro urrunago, kokatua den beste zedarri bat, 1547. urtekoa. Honi agur eta ohore egitera joateko, “V” forma duen pentzearen gora joan behar da, ezkerraldeko burdin hesiari jarraituz. Berehala topatuko dugu hesiaren beste aldean –Nafarroa Beherean beraz– kokatua den bigarren mugarri hau. Esana da Nafarroako errege Enrike II.ak eraikiarazi zuela… Bearnoko artzainek ez zituztelako, antza, bazkaleku mugak errespetatzen! Harri zaharraren ekialdeko aurpegian Bearnoko ikurra diren bi behi daude eta mendebaldekoan, jakina, Nafarroako kateak.

Bigarren mugarri zahar honi agurra emanik eta Lauhirekora bueltaturik, itzulerako bidea hartuko dugu. Hasieran, bueltatuko gara etorreran eginiko 300 metro haietan eta aurrera jarraituko dugu bide txiki horretan. Beste bide batera helduko gara laster eta ezkerraldera hartuko dugu, GR ibilbidearen seinale zuri eta gorriak jarraituz. Bide honek bi kilometro eta erdi eskasean eramango gaitu Zohotara. Herriko lehen bi etxeetatik berehala, bidegurutzean ezker hartuta, jarraian iritsiko gara elizara.

Historiaren barrenako ibilbide honek, gehienetik jota, bi ordu baino ez digularik eskatuko, astirik izango dugu Zohotatik bi kilometro mendebaldera kokatua den Arboti herrira joateko. Haren sarrerako zubian, oso ikusgarria da 1884tik 1984ra baliatu zen trenbiderako zulatu zuten lubaki sakon eta luzea.

ASTEKARIA
2008ko azaroaren 02a
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude