Eredu ekonomikoaren aldaketarantz?

Baleren Bakaikoa
Maddi Soroa
Atzean geratzen ari dira “estatua da ekonomiaren arazoa” bezalako esaldiak. Horrekin adierazi nahi zen II. Mundu Gerra ostean gauzatu zen politika ekonomiko keynesiarra saihestu behar zela eta estatua liberatu, bereak eginik zeuzkan jarduera gehienetatik. Horrela, enpresa publikoak, osasungintza, laguntza sozialak eta abar, esku pribatuetan utzi behar ziren. Izan ere, hirurogeita hamarretako estankamendu ekonomikoa estatuak zama ekonomiko handiegia zuelako uste baitzuten neoliberalek.

Politika ekonomiko neoliberalak indartsu aplikatu zituztenak, batik bat, Reaganek eta Thatcherrek zuzendutako agintaritzak izan ziren eta mandatari hauek utzitako ildoa herrialde gehienetara iritsi zen; disfuntzio ekonomiko guztien konponbidea merkatu libreek eta arautu gabeek ekarriko zutela aldarrikatzen zen foru ekonomiko eta unibertsitate gehienetan. Eta horrela funtzionatu du ekonomiak azken 25-30 urte hauetan eta funtzionatzeko modu horren ondorioak orain ari zaizkigu azaltzen, nahiz aspaldidanik susmoak egon bazeuden burbuilaren gainean hazten ari zitezkeelako zenbait herrialdetako ekonomiak.

Denboraldi honetan guztian, hogeita hamar urte inguruan, merkatu libre honek ahalbidetu du zenbait enpresa erraldoietako langile eta zuzendarien arteko sarrera aldeak 1/30etik 1/500era igotzea, gehiago ez denean. Bestalde, finantzak, enpresak eta politika lotzen dituzten pertsonen sarea indartu egin da, eta erraza zaie sektore batetik bestera jauzi egitea, zaila izanez kasta horretan sartzea, hautatu batzuentzat besterik ez baita; izenik eman gabe ere geure artean baditugu horrelako hainbat pertsona.

Orain, aldiz, harrigarria egiten zaigu agintari horiek, ekonomia hondamendira eraman duten bitartean onurak besterik eskuratu ez dituztenak, proposatzea kapitalismoa birformulatu egin behar dela. Azken finean, azeria oilategia zaintzen jartzea bezala izango da. Nork sinetsiko du Bushen administrazioa, Europako Batasuneko agintariak, Errusiako magnateak edo Txinako diktadoreak zerbait egiteko prest daudela kapitalismoak ematen dizkien abantailak banatzeko? Bada, hauen esku geratuko da kapitalismoaren birformulazioa, besterik egiten ez bada behintzat.

Beraz, datozen hamarkadetan jendarte zibilaren erronketako bat agintari kasta hau kontrolatzeko bideak urratzea izan beharko luke, agintari politiko etikodunei indarra emanez. Norabide honetan, pozgarria izan da Paul Krugman bezalako ekonomialari bati Nobel Saria ematea, teoria ekonomikoan haizeak aldatzen hasi bailiran. Izan ere, aspaldidanik ari da ekonomialari hau esaten jendartean ematen diren alde ekonomikoetan daudela arazoak, errenta zuzenago banatu behar dela eta horretarako estatuak protagonismoa irabazi behar duela ekonomian. Badirudi, pentsamendu neoliberalen alternatiba eratzen ari dela eta hori da seinale ezin hobea eredu ekonomikoa aldatzeko edo daukaguna gizatiarrago eta demokratikoago bihurtzeko.

Norabide honetan, Obama presidente hautatzeak ere ekonomian etika pixka bat irabazteko ondo etorriko da, nahiz AEBetako lobby ekonomikoek erraz ez dioten jarriko. Hala ere, gaur egungo agintariengandik baino gehiago espero dezakegu, batik bat jendarte zibilak, antolatuta, etengabeko presioa egiten baldin badio, hor baitago gakoa.

ASTEKARIA
2008ko azaroaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude