argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2008ko urriaren 27a

Iñaki Peñak Ahuntzaren Eguerdiko Doministikua blogean: "Kepa Junkerak berrogeita piko artista erdaldun ederto limurtu ditu eta geurera hurbildu ditu ariketa estetikoki eder-ederrean. Halandabe, bereak ez dau kontatzen, erdaldun batek beste erdaldun batzuei euskaraz abesteko erakartzea? Limurtzekotan geuk Junkerari egin behar izango geuntsan lehenago, eta gero berak nahi dauanari. Baina tire, Gatibu taldeak euren lelengo diskoan Robe Iniesta eta Fito Cabrales bizkaieraz abesten ipini zituen. Oskorri beteranoak be, urtez urte Pub Ibiltaria eta Hator, hator kantari horiekin guztiekin, erdaldunak (eta euskaldunak) liluratuz. Posiblea da".

 

Koldo Etxebarria margolariak Eta Kitto aldizkarian: "Aldaketa handia da. Jendeak tenpera utzi eta olioarekin margotzeari ekin zion momentuarekin berdinduko nuke aldaketa hau [ordenagailua erabiltzea] (...) Orain irudiaz egiten da berba, ez margoez. Ez da erabiltzen den teknikaz hitz egiten, sortzen den irudia da garrantzitsuena. Teknikaren esklabutza amaitu da, betikoa berreskuratu da: irudia, igorri nahi denaren euskarri bezala".

 
 

Ainhoa Ansa Gipuzkoako Kantu Txapelketako koordinatzaileak Diario Vascon: "Guk susmoa dugu Musika Eskoletan euskal kantuari beharbada ez ote zaion behar adinako garrantzirik ematen. Txapelketa hau aitzakia polita izan liteke Musika Eskoletan euskal musika txertatzeko".