Macanudo 2. Ricardo Siri ‘Liniers’
Random House Mondadori (2007).
Interneten: http://macanudoliniers.blogspot.com.
Ricardo Siri ‘Liniers’ argentinarrak
La Nación egunkarian plazaratzen ditu komiki-tira edo “txisteak”, berak gustuko duen terminoa erabiltzearren. Nahikoa material duenean, liburu batean biltzen ditu.
Haren estiloa bi hitzetan definitzea ez da batere erraza. Bere txisteak serio eta barregarriak dira, xalo eta inteligenteak, absurdu eta koherenteak. Bi bider irakurri behar dira batzuk, eta bi segundotan irentsiko ditugu besteak. Dozena bat irakurri ostean, ordea, ildo berdinari jarraitzen diotela ohartuko gara. Egunerokotasunari heltzeko modu berezia du autoreak, ez aktualitateari, egunean zehar egin, ikusi eta entzuten ditugun gauza txiki horiei begiratzeko baizik. Argentinaz kanpoko edizioetan behintzat hala gertatzen da.
Politika kontuak-eta albo batera uzten ditu
Macanudok, gai unibertsalagoak margotzeko.
Kazetari argentinar batek dio bere herrialdea ez dela soilik Maitena eta Quino,
Mujeres Alteradas eta
Mafalda. Zuzen dabil, Argentina askoz gehiago da. Eta arrazoia zein izan daitekeen ez dakit, baina hiruen artean
Macanudok erakarri nau gehien. Ezagutzen ez nuelako agian, edo umore surrealistagoa erabiltzen duelako. Pertsonaia mordoa agertzen da liburuan: Enriqueta neska ttikia eta bere katu Fellini, pelikulen izenburuak zentzurik gabe itzultzen dituen eruditua, zazpigarren artearen misterioak argitzen dituen behi zinefiloa, beltzezko gizon misteriotsua, gizakien antzera jokatzen duten ardiak eta pinguinoak...
Desberdintasunak desberdintasun, Patxi Huarte
Zaldi Eroa eta bere
De Rerum Natura komiki-tirak ekarri dizkit burura. Iruñearrak gehiago heltzen dio aktualitateari, baina parkean ikusi duenari edo bere katuari buruzko komikiak ere marrazten ditu. Eta animaliak hizketan jartzen ditu sarri. Hura atsegin baduzu, ziur Liniersen umorea ere gustuko izango duzula.