Urratzen duen zinea

Harkaitz Cano
Dani Blanco
Asteak joan dira Tiro en la cabeza ikusi genuenetik, eta oraindik orain durduzatuta jarraitzen dut Jaime Rosalesek Donostiako Zinemaldira ekarritako filmarekin. Maisulana ote den ala baso izan nahi lukeen bonsai puzgarri hanpatua, horixe esateko gai ez naiz. Muturrera eramandako esperimentua dela, zine aretoetan, Interneten eta museoetan bideo-instalazio gisara aldi berean estreinatuko dela... Zantzu asko ematen ditu honek zinemaren etorkizunaz –erran nahi baita: aurrera egin nahi duen zinemarenaz, bere burua berrasmatu nahi duen lengoaia horretaz–. Bai, ba: zerbaitek kra egin zigun barruan film hori ikustean, Donostiako kaleak ezagugarri baina desberdin atzematean –eta merke filmaturik, bidenabar... Kataluniar batek etorri behar hori egitera ere... guri ez zaigu bururatzen, guk ez dakigu?–.

Filma bezain interesgarria izan zen prentsaurrekoa. Ez ziren galderak falta izan: lehena, kazetari poloniar bati egokitzea nahi izan zuen zoriak. Barkamena eskatuz egin zuen, halabeharrak itaun-txanda zabaltzeko aukera gaia urrun antzean harrapatzen duen norbaiti eman ziolako desenkusatuz. Kazetari poloniarraren jarrera gizabidetsuak ematen zuen zer pentsa: garagardo lataz betetako etxeko sala narrasetik korroka mintzo direnak bezala egiten baitituzte usu galderak kazetari gehienek. Ez, errespetua ez dago boladan. Polonian asilo eskubidea eskatzeko gogoa erne zitzaigun erreportari fin hari entzunda.

Testuingurutik kanpo filma ulertuko ote zen kezka agertu zuen kazetari poloniarrak, tirokatzaileen motibazioari buruzko pistarik ematen ez zela eta. Motibazioetan aztarrika ibilita topatzen den absurdua ekarri zuen gogora Rosalesek, fin harilkatutako azalpenetan. Ez ziren samurrak izan haren ondotik etorri ziren galderak, kazetari espainiarrek eginak ia denak (galdera izatera ere iristen ez ziren juzkuak, asko): “biktimentzako iraingarria eta gustu txarrekoa iruditu zait tirokatzearen ondoren supermerkatuetako publizitate panelak agertzea”; “Zergatik amaitzen da filma tirokatzaileen ihesarekin, Cap Bretonen gertatutakoaren ondoren, errealitatean, egun gutxiren buruan atxilotu bazituzten?” (!); “Nola izan zara gauza, Jaime, iheslariek lapurtutako autoaren gidaria zuhaitzera lotzen dutelarik, emakumezko terrorista horrek gidariari samurtasunez besoa sorbaldan jartzen dion eszena hori filmatzeko?”. Egia da kazetari gehienak isilik egoten direla prentsaurrekoetan; gehiengo isil horretan, normaltasunetik gertuago, galdera interesgarriak bere golkorako gordetzen dituen jendea ote dagoen hipotesiak kontsolatzen nau beti (“bedeinkatuak lotsatiak, haiena izango baita mundua”; edo...).

Bezperan Bobby Sandsen duintasunaren gorazarrea den Hunger film latz eta bikaina txalotu zuten berberak, ez ziren orain Rosalesena irizpide zinematografikoen arabera epaitzeko gai: zerbaitek lainotzen zien begirada. Erraiak eskuetan ditugunean, zaila da, agidanean, burua hotz mantentzea. Donostiako filosofo ezagun bat, lehen lerroetan eserita zegoena, hogeita bost minuturen buruan altxatu zen besaulkitik: aretotik irten egin zela pentsatu nuen, baina agian perspektiba bila abiatu zen atzeragoko ilararen batera, filma amaitutakoan han baitzegoen, komunikabideei bere iritzia ematen.

Ez dakit nork zioen ez dagoela ongi jarritako puntu bat baino tiro hoberik. Ongi etorriak bitez, zeluloideko eztanda uhin luzeko hauek ere.

ASTEKARIA
2008ko urriaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude