argia.eus
INPRIMATU
Talaian
MCCren etorkizuna
Juan Mari Arregi 2008ko urriaren 26a
Azken hilabeteetan Mondragon Korporazio Kooperatiboa (MCC), arrazoi batzurengatik edo besterengatik, polemika iturri izan da. 100.000 lanpostu inguru dituen taldearen barruan gertatzen denak garrantzia dauka bertako langile eta enpresentzat, baina baita euskal ekonomiarentzat ere.

Globalizazio aroan, MCCk mundu osoan ireki ditu lantegiak eta jendeak deslokalizazioa aipatu du, kostu gutxiagoko ekoizpena eta lan baldintzen kalitate nolabaitekoa azpimarratuz. Bi enpresek (Irizar eta Ampo) taldea utzi dute. Eroskiren etorkizunak oraindik eta indar handiagoa hartu du iritzi publikoan sinatutako eta anonimo bidalitako artikuluen bidez. Horietan lurraldetasuna, taldetik ateratzea, enpleguaren kalitatea eta printzipio kooperatiboen mantentzea ezbaian jarri dira. Bestalde, Euskadiko Kutxak garden asko adierazi du banku amerikar garrantzitsu baten porrotak eta higiezinen enpresa baten ordainketa-etendurak eragin diotela.

Hala gauzak, MCC bezalako talde kooperatiboari eskatzen zaio multinazionalen artean nagusitutako globalizazio neoliberal eta basatiari amen ez esateko eta kontsekuente izateko printzipio kooperatiboekin (norbanakoaren, eta orokorrean, gizartearen zerbitzura egon direnak). Taldearen etorkizunak zera esan nahi du: lurraldetasuna eta enpresa entzutetsuak mantentzea; deslokalizazioa Euskal Herriko enplegua mantentzeko baino ez egitea; enpleguetan kalitatea mantentzea Euskal Herrian, Espainiako Estatuan, Txinan edo Indian; prekarietatearen eta lan esklabotzaren aurka egitea. Azkenik, MCCk Euskal Herriari on egingo lioke Iparraldean inbertituko balu, horko gazteek Frantziara emigratu behar baitute lan bila.