argia.eus
INPRIMATU
Joseba Irazoki
“Erran izan didate nire musika ez dela irratian jartzen den horietakoa”
Fermin Etxegoien 2021eko ekainaren 30
Joseba Irazoki
Belardian taldearen laguntzaz Pobre Gara diskoa grabatu zuen iaz, mugak gainditzeko moduko kantu-sorta bikaina.

Zu ez zara Xabier Montoia!


Ez, baina nire musikan harengandiik zerbait sumatzen ahal da. Bost urtez ibili nintzen berarekin eta normala da arrastoren bat gelditzea.

Bitoriano Gandiaga poeta mistiko-naturalista musikatu duzu maiz, baina zure lanari buruzko loreak ez dira mendian aurkitzen, baizik eta sarean...


Ba ez dakit, ez dut soberatan klikatzen nire izena Google-en, baina egia da ezin naizela kexatu ditudan kritikekin.

Berako musikariak: amateurismotik bikaintasunera, eta berriro buelta?


Musika proiektu interesgarriak ateratzen ari dira Beratik azkeneko urteetan. Dirudienez sorkuntza ez da gelditzen eta poztekoa da gure arteko kopiarik ez dagoela ikustea.

Zuretzat mugak non dira?


Mugak bakoitzaren buruan daude normalean. Egon zen denbora bat ekoizpenak desberdin egiten ahal nituela, aurkeztuko nukeen lekua kontuan hartuta. Gaur egun ateratzen zaidana egiten dut eta kito.

Maixa eta Ixiar bikotearentzat idatzi zenuen Mikele kantuak eman al zizun dirurik?


Pixka bat bai, oraindik ere urtero zerbait ailegatzen zait eta horri esker afari-omenaldi goxoa eskaintzen diot nire buruari.

Zer pentsa lezake Ohio-ko batek “euskal country alternatiboa” entzutean?


Erotuta daude euskaldun hauek! Ez, pentsatzen dut arraro xamarra egingo zaiola... Baina musika hori gustatuta eta gure hizkuntza euskara izanik ez dago bertze aukerarik.

Behin zure kantu bat entzun nuen Bizkaia Irratian. Melodia ona duen seinale, pentsatu nuen...


Ba pozten naiz. Erran izan didate nire musika ez dela irratian jartzen den horietakoa, baina nik uste dut momentuak bilatzea dela, besterik ez.

Bide batez, triki-pop estiloa ez al zen euskal country alternatibo naturala?


Alternatiboa baino gehiago, euskal countrya, baina bai izan zitekeen, zerbait berria izan zen trikiarentzat eta ongi egon zen.

Hitz egidazu hurrengo diskoak ekarriko dizun arrakastaz, mesedez.


Gustatuko litzaidake arrakasta edukitzea, baina ez dut uste. Gainera, nagoen egoerak askatasun handia ematen dit nahi dudana egiteko. Euskal countrya, inprobisazioa edo puzkerrak botatzea, gustuko badut ere.

Inoiz jaikiko al dira egiazko musika zaleak?


Uste dut egiazko musika zaleak beti erne daudela. Agian festibal handi horietara joaten diren hainbertze zaleei kontzertu ttikiagoetara ere joatea gomendatuko nieke. Horiek dira jaiki beharrekoak.