Bi gai nabarmendu ditu Jakin aldizkariak bere 167. zenbakiko azalean. Batetik Miel A. Elustondo kazetariak Balendin Lasueni egindako elkarrizketa; bestetik Iratxe Retolaza literatur kritikariak Joxe Austin Arrietaren Terra Sigillata nobelari buruz idatzitako analisi sakona.
Aurpegi anitzeko gizona da Balendin Lasuen: idazlea, musikazalea, politikaria, enpresaria, Gerediaga elkarteko kidea... Euskal Herriaren historia bizia, aldizkariko editoreek nabarmendu duten moduan. Lasuenek bere bizitzaren errepasoa egin du Elustondorekin hizketan; herri honen bizitzaren errepasoa ere badena, bistan denez.
Iratxe Retolazak berriz, Arrietaren azken nobelak hedabideetan jaso duen arreta eskasa azpimarratu du bere analisiaren hasieran. Ondotik, liburuari aurkitu dizkion irakurbide posibleetan murgildu da, Terra Sigillata idazlearen urrats estetiko berri bat dela nabarmenduz.
Aldizkariaren bukaerako partean Egunen gurpilean saileko gogoetak aurkituko ditu irakurleak, ohiko moduan.