argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2008ko urriaren 20a

Thierry Malandain izango da Miarritzeko Maitaldia dantza jaialdiko zuzendari artistiko berria. Irailaren 23an Filgi Claveriek kargu hori utzi zuen, bere hitzetan horretara behartu zutelako. Arrazoi zehatzik ez zuen aipatu, baina Thierry Malandain Ballet Biarritzeko zuzendariarekin zituen desadostasunen ondorio izan zela eman zuen aditzera.

 

Pierre Urte lapurtarraren Grammaire cantabrique eta Dictionarium Latino-cantabricum lanak enkantera atera zituen pasa den astean Sotheby’s enkante-etxe britainiarrak. Erosle pribatu batek eskuratu zituen biak, 72.000 eurotan.

 
 

Hesian talde nafarrak Herriaren oihua diskoa plazaratu du Gor zigiluarekin. Lan berria copyleft lizentziapean kaleratu dute Sakanakoek. Hamabi kanta bildu dituzte. Kauta taldeak, bestalde, hirugarren CDa aurkeztuko du hilaren bukaeran, Atxeh zigilu sortu berriarekin.

 

Gabriel Erkoreka musikagile bilbotarrak irabazi du Konposizio arloko 25. Reina Sofia saria, Fuegos para orquesta (Orkestrarako suak) lanagatik. 25.000 euroko saria jaso du Erkorekak.

 
 

Barton Films banatzaileak RH+ Sevillako banpiroa filma estreinatu du. Denboraldi berriko euskarazko lehen filma da, eta haren ostean hamaika pelikula gehiago estreinatuko ditu, aurten batzuk eta datorren urtean besteak. Olentzero eta oparien ordua; Perez 2, gure sagutxo hori; Winx, erreinu galduaren sekretua; Munduari bira 80 egunean doan eta Sukalde Kontuak filmak daude, besteak beste, katalogo berrian.