Mundu asko herri bakarrean

  • Bizkaiko bazter batean, Txorierri eta Uribe Kosta batzen diren lekuan dago Erandio. Nekazaritza goian, industria behean, itsasadar hegalean altxor bat baino gehiago du beregan.

    Erandiok paisaia ugari dauka bere baitan. Ez da berdina Lutxanara edo Goierrira joatea. Herriaren beheko partean, Ibaizabaletik ez oso urrun, hirian zabiltzala irudituko zaizu. Bilbotik oso gertu, eta Ezkerraldera heldu baino lehen, kale estu eta etxe luzeenak ezagutuko dituzu. Goierri ostera, bestelakoa da: baserriak, zelaiak… Mundu sano ezberdin bi batzen ditu herriak batean eta bestean. Baina ez da hor amaitzen Erandioren izatekoa. Astrabudua eta Lutxana auzoak ere baditu. Astrabudua bera beste herri bat da ia. Leioaren ondoan, unibertsitatera doazen hainbat ikasleren bizileku eta auzo izaera baino gehiago herri bizimodua duen auzoa da. Jende gehien bizi den Erandioko lekua da: 10.000 biztanletik gora.
Erandioko Martiartuko dorrea
Onintza Enbeita
Lutxanaren kasua berezia da. Zati bat Barakaldon du, eta bestea Erandion. Anekdotak asko dira, baina bada bat bereziki barrea eragiten duena bertakoen artean. Joan omen zen gizon bat trenez Moskuraino. Lutxanan trena hartu zuenean Moskurako txartela eskatu zuen geltokian eta ez zuen inolako arazorik izan Errusiako hiriburura heltzeko. Han zegoela ordea, etxera bueltatzeko sasoia heldu zitzaion eta tren geltokira joan zen Lutxanarako txartelaren bila. Saltzaileak segituan galdetu omen zion: “Lutxana, Barakaldo ala Erandio?”. Bai batean bai bestean, langile auzo enblematikoa da Lutxana. Akaso zikina batzuentzat, baina industrializazioaren ikur asko gorde ditu bere baitan, eta Bizkaiko langileen historiaren zatia dela ezingo du inork ukatu.

Erandio Goikoa, lehen hazia

Herria Erandio Goikoatik sortu zela diote historialariek. Oraindik ere baserri giroko lekua da, eta industrializazioa heldu arte, errekatik urrun bizi izan ziren bertako biztanleak. Lurrera begira zer galdu gehiago izan zuten uretara begira baino. Oraindik ere, Erandio Goikoako bidezidorretan sartuta, Euskal Herriko edozein herri txikitako antzerako inguruak ikusiko ditugu. Kontuan izan behar da, orain Barakaldok eta Erandiok Lutxana elkarrekin banatzen badute ere, XVI. mendean Barakaldo Erandio zela. Baita Alonsotegi ere. Horiek baina, beste sasoi bateko kontuak dira. XIX. mendean aldatu zen Erandioren itxura, Bilboko itsasadarrera industria heldu zenean.

Altzaga auzoan, Ibaizabalen ertzean, jende asko hasi zen beharrean, eta herriaren erdi-gune izatera orduan heldu zen inguru hori. Beranduago Astrabudua sortu zen. Itsasadarraren alboko guneek halako garrantzia hartu zutenean ipini zioten ordura arte Erandioko herri-gune nagusi izandakoari Erandio Goikoa izena. 1924tik 1966ra, tarteka Erandioren zati bat eta urte batzuetan Erandio osoa Bilbo izan ziren. Lutxanako portua izan zen Bilbok lehenengo bereganatu zuena. Hiriburuak ere industriaren eskaerei erantzun beharra zeukan eta hainbat inguru bereganatu zituen, baina 80ko hamarkadatik hona Erandio udalerri independentea da

Martiartuko dorrea, Errenazimenduko harribitxia

Historiak ikusteko moduko hainbat leku utzi ditu Erandion. Horietako bat da Martiartu dorrea. Izen bereko auzoan dago, Goierrin. XVI. mendean eraikitakoa da, eta gehienbat Errenazimenduko ezaugarriak gordetzen baditu ere, aulkiteria gotikoa dauka. Dorreak hamazortzi metroko altuera dauka, eta inguruetatik oso ondo ikusten da. Barrua hutsik dago, baina haren hormek XIV. eta XV. mendeetako egituraren aztarnak gorde dituzte.

Gotikoa da Andra Mariaren eliza ere. Erandio Goikoan dago, eta XII. mendekoa da. Kanpaia Bizkaiko zaharrenetakoa da, zaharrena ez bada. 1520 ingurukoa dela uste da, baina ez dago data zehatzik.

Karlistaldien aztarnak

Astrabuduara joan eta Goikolarra ingurura heltzen bagara, auzo horretako azken landak ikusteaz gain zenbait gauzaz ohartuko gara. Izan ere, ahoz ahoko transmisioak karlisten eta liberalen arteko guden hainbat zertzelada utzi ditu Erandioko Astrabudua auzoan. Oraindik ere, zenbait gotorleku badira Goikolarrako Axpe mendian, liberalek Azpuru baserriaren lurretan eraikitakoa, esaterako. Astrabuduako bazterrak bere mende zituenak portuko sarrera kontrolatzeko aukera zuen; horregatik izan zen hainbeste borroka inguru horretan.

ASTEKARIA
2008ko urriaren 26a
Azoka
Azkenak
Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude