argia.eus
INPRIMATU
Emakumerik krudelena
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2008ko urriaren 26a
Erzsebet Bathory-ren aurkako epaiketako irudia
Hungaria, 1560. Erzsebet Bathory jaio zen erresumako familia nagusietako batean. Istvan Bathory Transilvania eta Poloniako erregearen iloba, idazten eta latinez, alemanez eta hungarieraz hitz egiten zekien, ezohikoa garai eta inguru haietan. 15 urte zituela ezkontzera behartu zuten eta Csejthe gaztelu ilunera joan zen bizitzera. Ferecz Nadasdy senarra han eta hemen gerran zebilen bitartean, Erzsebeten neska gazteenganako zaletasuna gero eta nabarmenagoa zen; zahartzaroa eta heriotza obsesio bilakatu ziren harentzat.

Osasun ahuleko senarra hil eta gero, Darvulia izeneko atso aztia lagun, hasi omen ziren Bathory kondesaren izugarrikeriak. Gazteluko neskame birjinekin sexu harremanak izan ostean torturatu eta hil egiten omen zituen. Horretarako, besteak beste, “burdinazko dontzeila” izeneko makina erabiltzen zuen; emakume itxurako metalezko tramankulua zen, barruan barra zorrotzak zituena. Neskak barruan sartu eta odolustu egiten zituen.

Kondesak uste zuen bere biktimen odola edanda nahiz odoletan bainuak hartuta, ez zela zahartuko, betiko biziko zela. Baina edertasun tratamendu hura ez zen erraza. Neskameen iturria agortu eta ehizan hasi behar izan zuen, 12 eta 18 urte bitarteko neskatxak harrapatu eta gaztelura eramaten. Horrela ez zen erraza sekretua ezkutuan gordetzea eta azkenean Matyas II.a enperadoreak zimurren aurkako erremedio krudelaren berri izan zuen. Bathoryri sorginkeria egotzi zioten eta Csejtheko gazteluan giltzaperatuta bizitzera kondenatu zuten. Epaiketako agiriek diotenez, “kondesa odolzaleak” 610 neska hil zituen.

Handik aurrera, Erzsebet Bathory izuaren ikono bihurtu zen. Liburu mordoa idatzi eta beldurrezko film ugari ekoiztu dira haren inguruan. Diablo II bideojokoak bera du protagonista. Bathory izeneko rock taldea sortu zen Suedian eta Iron Maiden –burdinazko dontzeila, ingelesez– talde ezagunak ere haren makina kuttunari zor dio izena.

Batzuek diote Hungariako noblezian hain ohikoa zen endogamiaren eraginez galdu zuela iparra. Badira Vlad Tepes “Drakula”-ren senide urruna zela diotenak ere. Baina gero eta historialari gehiagok jartzen du zalantzan beldurrezko istorio hau. Gatazka politikoetan murgilduta zegoen erresuma hartan, sorginkeria maiz erabili zuten, emakume boteretsuak baztertzeko aitzakia. Hortaz, dena etsaien asmakizun hutsa izan liteke.

Errudun ala ez, Erzsebet Bathory kondenatu eta ia hiru urtera hil zen, 1614ko abuztuaren 21ean, 54 urte zituela eta azala zimurrez josita.