Dena ez da matematika

Iñaki Murua
Dani Blanco
Ozeaniako tribu bateko buruak europarroz zioena irakurri nuen Los Papalaggi liburu originalean: “Egunak, hilabeteak eta urteak kontatzen aritzen dira eta hainbat urte betetzera iristean hasten dira laster hiltzea dagokiela eta beldurrak airean, heriotza nola saihestu ez dakitela”. Arrazoi zuelakoan nago.

Bizitza urteekin kontatzen eta baloratzen dugu eta ez egin dugunarekin edo uzten dugunarekin. Dena da kantitatea gure buruetan. Dena neurgarri metrotan ez bada kilotan edo dioptriatan. Eta nola neur daiteke eman dugun maitasuna? Edo goxotasuna? Eta egin dugun estorbua? Ba al dago horiek neurtzeko unitaterik?

Noski, errazago da neurtzen krisi ekonomikoa dela-eta bankuetan nahiz kutxetan gal dezakeguna, eta larri gaude; ez al da bada betikoa? Gure dirua erabiliz irabazi bikainak lortzea ez al da bada etxe hauen zeregina? Okerragoa da galerak dituztenean ere gure dirua xahutzen dutela –gobernuen erabakiz eta baimenez– zulotik irteteko, gu berriro zuloan utziz. Herritar xume batek porrot ekonomikoa izaten duenean, denon dirutik zergatik ez diogu laguntzen eta bankariei bai? Zergatik ez dugu geure dirua adiskideei laguntzeko uzten? Ez garelako fidatzen eta, bankuekin bai? Zertan erabiliko duten ez dakigunean?

Ekonomiak porrot egin duela eta triste ala pozik egon behar genuke? Egungo sistemaren oinarriak justiziazkoak al dira? Normala al da urtero irabaziak handitzea pobreak ugaltzen ari diren bitartean? Eta normala akziodunen batzarretan harro-harro aurkeztea irabazi horiek eta hedabideetan jakinaraztea? Non da elkartasuna? Diruak ez du bihotzik diote, ezta pertsona balitz ere! Diruak ez du bihotzik behar bizitzeko baina hura maneiatzen dutenak? Ezta ere, dirudienez.

Baina horrela ohitu gara/gaituzte. Neurtu daitekeenaz bakarrik arduratzen eta gurearen neurriak pixkabanaka beti behera egiten duenez... zer egin pozik bizitzeko? Aisialdiko ekintzek ere ez digute balio. Adibidez, zikloturistak profesionalak bezain lehiakor omen dabiltza. Mendizale garenok gailurra zapaltzea dugu helburu –nork ez daki hamalau zortzimilako direla munduan? Eta Edurne Pasabanek hamaika igo dituela–. Baina mendia noiztik da dena gailur, ez al dakigu mendian ibiltzen? Ba ez, mendian ere matematika daukagu buruan, eta helburutzat hartzen dugu, besteen emaitza bera lortzea: gailurra. Nahi dugun ibilbidea geuk markatu eta gozatzea ezta burutik pasa ere, eta, inoiz hori horrela den froga egiten baduzue, mendira joan bai baina mendira joan gabe etorri zaretelakoan geratuko zarete. Ohiturak aldatzen zaila da gero!

Eta horrela ia denean; kirolean bezala ikasketetan eta elikaduran eta maitasunean. Maitasuna ere matematika bihurtu dugu: 22
egun beste hainbeste pilula; 50 urte eta menopausiari irtenbidea; larrutan binaka edo hirunaka eta gazteek adinekoek baino
gehiago darabiltela biagra –Xuxen zuzentzaileak bisagra jarri dit. Hobe hala balitza!– eta gainera ez larrualdi –berriro Xuxen, oraingoan larrialdi jarri dit!– bakarra, zenbat? Ehiztarien fama hartzen dugu lagunartean “bat bota eta hiru esan”. Ia dena da zenbakia eta, askotan, numeroa besterik ez.

Baina bizitza, batik bat, filosofia da. Ez dago denontzat emaitza bat eta bera inongo jardunetan, ezta irakaslerik onena gidari badugu ere. Norberak bilatu eta aurkitu behar ditu bere emaitza eta konformidadea. Azkeneko hau zailena, noski!

Hobe genuke interesa bankuan jarriko bagenu, eta ez bankuak eman diezagukeen interesen zain egon. Parkeko bankuaz ari nintzen, noski! Han behintzat lagunarteko interesa sakonduko genuke eta ez bihotzik ez duen batekikoa.

Interesa, errenta, kapitala, abiadura, balbulak, zaldiak, urteak, korrituak... baina adiskidetasunik gabe, maitasunik gabe, benetako lagunik gabe, zer?

A zer suertea daukan Mundu honetan jaio ez denak! Gure lagun batek hori dio.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude