argia.eus
INPRIMATU
Gitarra heavyekin zipriztindutako lan sentikorra
  • Nabil ::Bere begiei

    autoekoizpena

    iraupena ::40’34’'

    prezioa ::8€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 05a
Unai Egia lekeitiarra hainbat taldetan ibilitakoa da eta orain ere hala dabil; Ekon, Txapelpunk eta Mitosia proiektuetan, besteak beste. Musika gogorra entzun eta interpretatu egin izan du orain arte, baina halako batean bere barruan bestelako abestiak egiteko premia sortu zitzaion, beste proiektuetan lekurik ez dutenak. Hala, une honetan barruan deika daukanari kasu eginda maitasunari buruzko hainbat kantu idatzi ditu eta abestiei gorputz handiagoa emateko taldea osatu du, Nabil izenpean. Pop-rocka, heavya eta metalaren arteko gitarrak erabili ditu “bere begiei” hasiera eta bukaerako omenaldi-ipuin bat osatzeko. Akustikoan ere modu egokian plazaratu daitezkeen kantu sentikorrak dira disko honetakoak. Bitxia da, gainera, gai zehatz baten gainean eraikitako lan kontzeptualarekin topo egitea.
«Erronka handia izan da gitarra akustikoak grabatzea eta ahots garbi eta melodikoaz abestea»

Nabil Unai Egia laguntzeko sortutako taldea al da?


Musika ia guztia nik egin dut, baina beti egin behar izaten dugu konponketaren bat entsegu lokalean. Abestiak etxeko ordenagailuarekin grabatu eta taldekideei pasatzen dizkiet, lokalean borobiltzeko. Iraunek myspacea eta diseinuak egiten ditu; eta Davidek eta Patxekok ere lan handia egiten dute.

Ausartzen zara zu bakarrik gitarra akustikoarekin agertoki gainean? Kantuak horretarako aproposak dira…


Bai. Nabilen lehenengo kontzertua nik bakarrik eman nuen, eta gerora ere jo izan dut modu horretan. Esperientzia zoragarria izan zen eta errepikatzeko gogo handiarekin “nabil”.

Iragan heavya daukazu, ezta? Gitarren tratamenduarengatik diotsut…


Heavya baino gehiago metaleroa naizela esan daiteke: Sepultura edo Etsaiak bezalako taldeen kaseteen gainetik jotzen ikasitakoa naiz. Niretzat erronka handia izan da gitarra akustikoak grabatzea eta ahots garbi eta melodikoz abestea. Oso aberasgarria izan da niretzat eta asko ikasi dut Bere begiei grabatzen.

Eta zer ikasi duzu Ekon, Txapelpunk eta Mitosia taldeekin?


Garrantzitsuena lagun artean aritzea dela.

Bere begiei diskoan idatzitakoak baino gauza gehiago esango zenizkioke?


Egia esan asko zor diot alboan dudanari. Bigarrenean jarraituko dut [barre egin du].

Nabil zure beste taldeekin alderatuta zeharo desberdina da eta gainera lan hau monotematikoa da. Nolakoak izango dira hurrengo lanak?


Iñigito hasia da Txapelpunken hurrengo diskoa prestatzen eta Mitosiaren bigarrena bide berdinean doa. Nabilen hurrengo lanerako abesti mordoa dut patrikan, baina momentuz itxaron egin beharko du.

“Olatuak, kresala, itsasoa, minen uhartea…” dira zuk erabilitako figuretako batzuk. Barrualdean, “olatu barik”, ez zenituzke hala sentituko gauzak?


Itsasoa maite dut eta itsasotik hurbil egotea beharrezkoa dut. Pentsatzen laguntzen dit.