argia.eus
INPRIMATU
Abarrak
Klitxea luzeegia zen eta ahosabaian itsatsi zitzaidan
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko maiatzaren 02a
Camino. Zuzendaria: Javier Fesser. Aktoreak: Nerea Camacho, Carmen Elías, Mariano Venancio, Manuela Vellés. Espainia. 143 minutu.

Ez naiz ni hasiko Opus Dei-ren alde hizketan. Ez, ez, inola ere ez. Beraz, argi gera dadila Javier Fesser zuzendariaren azken lana ikusi aurretik edozelako aurreiritzirik baldin banuen, positiboa zela inondik ere. Camino filmak Escrivá de Balaguerren sokakoei kritika umoretsua-edo egin nahi die, gaixotasun larri baten eraginez hiltzorian dagoen neska baten (Nerea Camacho) istorioa kontatuz.

Opusen inguruko familia bateko alaba da Camino gaztea; bere ahizpa (Manuela Vellés) numerarioa da; aitak ez du ezer oso garbi ikusten, baina tira, segi; ama fanatiko hutsa da. Neska bere adineko mutil batekin maiteminduko da, Jesús izenekoa. Baina, gaixotasunaren eta amaren esku zitalaren erruz ezinezko amodioaren topikoa berraragitzen ikusiko dugu.

Pelikularen lehenengo akatsa (kilo)metrajea da. Ez dakit Fesserrek filmari dimentsio biblikoak eman nahi izan dizkion, ala artaziak kaminoan galdu dituen. Baina horrelako produktu luzeak aretoetara eraman aurretik edozein zuzendarik bere buruari honako kuestioa egin beharko lioke: Ben Hur-en mailara iritsiko ote naiz? Zaila baita, istorioa oso ona izanda ere, tentsioari eustea. Eta kasu honetan, uste dut eszena asko baztertzeko problemarik ez zegoela.

Dena dela, filmaren herren handiena Carmen Elíasen pertsonaiak egiten du, amak alegia. Klitxe hutsa da: ultra-atzerakoia, hotza eta gaiztoa. Honen kontra esango da Alexia González-Barros-en egiazko historian oinarrituta dagoela pelikula; errua munduarena dela, fededun fanatikoak sortzeagatik. Ez nago ados: “errealitateak” ez du justifikatzen fikziozko lanetan egindako gehiegikeria. Ze, horrela jarriz gero, filma bera ere “erreala” da, mundu honetakoa den edozer bezala.

Nerea Camachoren lana salbatuko nuke, dena dela: oskola apurtu berri du, baina manerak igartzen zaizkio. Gainontzeko guztia ahosabaian itsatsita geratzen den txikle –barka, klitxe– luzea baino ez da.