argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2008ko urriaren 13a

Daniel Castillejo izango da Gasteizko Artium museoko zuzendari berria. Museoa ongi ezagutzen du Castillejok, bildumak kontserbatzeaz eta erakusketak antolatzeaz arduratu baita orain arte. 2001az geroztik zuzendari kargua bete duen Javier Gonzalez de Duranaren lekukoa hartuko du.

 

Arantxa Agirreurreta kazetari urretxuarrak Simone de Beauvoir filosofo eta idazlearen (Paris, 1908-1986) biografia plazaratu du, Simone de Beauvoir. Emakume libre bat XX. mendean (Elkar) izenburupean. Mariasun Landak idatzi du hitzaurrea..

 
 

Disturbio hard-rock talde aguraindarrak Muy tóxico (Baga Biga) hirugarren diskoa kaleratu du. Hilaren 18an OrdiziaRock jaialdian aurkeztuko du lan berria, eta abenduaren 5ean Bilborock aretoan.

 

TMEO aldizkari satirikoaren 100. zenbakia kalean da jada. 100 orrialdeko ale berezia da. 1987az geroztik aldizkarian kolaboratu duten marrazkilarien komikiez gain, El Jueves bezalako aldizkarietan dabiltzan autoreen lanak bildu dituzte zenbaki berrian.

 
 

Kanpingags konpainiak Ilunpetan obra estreinatuko du hilaren 31n Amorebieta-Etxanoko Zornotza aretoan. Peter Shaffer autore britainiarraren testuan oinarrituriko komedia berezia da. Agertokiko argiak itzaltzen direnean, aktoreek ikus ahal izango dute baina publikoak ez. Aldiz, argiak piztean publikoak agertokian gertatzen dena ikusiko du, baina aktoreak itsu-itsuan mugituko dira. Obra horren gaztelaniazko bertsioa –Apagón– urriaren 25ean estreinatuko du Kanpingags taldeak Santurtzin, Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren barruan.