Karlos Corbella
Badirudi apokalipsiaren lau zaldunek mundua konkistatu dutela ditxosozko aro globalean. Profeziaren arabera, bata zaldi beltza zen: gosetea. Bestea, zaldi gorria: gerra. Hirugarrena, horia: izurritea (beharbada, kutsadura gaurko hizkuntzan). Azkenik, zaldi zuria: kristautasun faltsua.
Lehen hiru zaldien irrintziak urrunetik entzuten dira. Zuria da, agian, enigmatikoena: fede faltsuaren ideia, apostolu gezurtia. Hori ere gure artean daukagu, ordea: mundua luzaroan gobernatu duen merkatu librearen ezina eta gezurra. 1929an jausi zen eta, harri berean estropuz behin egitea batere sofistikatua ez denez, hementxe berriro mendebaldarron biziera dardarizo betean jarri(ko) duen lurrikara. Askorentzat, amaitu zen festa.
Eta ez dirudi Wall Street-eko yatedunak izango direnik, haizearen kontra txiza egitearen ondorioz, festatik erretiratu beharko diren bakarrak. Klase ertaina ondo zipriztindu dezake honek. Ohituak geunden ikustera kapitalismo finantzario globalaren logika ustelak zelan hondoratzen zituen planetako beste geografiak. Guk, bitartean, Freixenet Gabonetan, otarrainxkak urte guztian eta, low cost hegaldiekin, Londresen asteburuak.
Gezurra sakonagoa ere bada: Mendebaldeko zibilizazioaren oinarriak eurak daude usteldurik (ez bere forma ekonomiko jakin bat, neoliberalismoa); etengabeko hazkunde ekonomikoan oinarrituriko gizarteak ez du etorkizunik. Urteak eman ditugu esaten biziera horrek amiltzera eroango gaituela, ezin duela iraun, ez lukeela iraun beharko. Heldu ote den diskurtsoa praxiarekin lotzeko ordua. Une apokaliptiko honetatik atera daitekeen gauzarik onena litzateke.
Paradoxa galanta bizi dugu: mundu post-sozialista ei da gurea eta, aldi berean, kapitalismoa sekula ez da hain ezgauza izan ganoraz erantzuteko gizadiaren etorkizunari. Inteligentzia kapitalista sekula baino gutxiago da etorkizunerako tresna baliotsua.
Marraskiloari ikasi behar genioke. Ivan Illich-ek kontatu zigun zelan eraiki ohi duen bere oskola. Xamurtasunez eransten ditu oskolaren espirak. Bata bestearen atzetik gehitzen ditu gero eta zabalagoak diren espirok. Kolpean, eten egiten du lana. Kiribiltzen hasten da, uzkurtzen. Oraingoan animalia txikiagotuz doa. Izan ere, puntu batetik aurrera espira bakar bat gehiago gehituz gero, halako hamasei haziko litzateke. Eta horrek gainkarga eragingo lioke. Bizi beharko litzateke soil-soilik oskolaren hazkundeak sorturiko eragozpenei aurre egiteko.
Mendebaldeak marraskiloaren likina nahi du krema egiteko. Ona omen, azaleko zimurrak disimulatzeko.