argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2008ko urriaren 13a

Alaia Martin bertsolariak Gaur8 aldizkarian: "Koadroei ez zaie punturik jartzen. Margolari batek jarraitzaile batzuk ditu, eta bere pinturak gorrotatzen dituzten beste batzuk. Estilo kontua dela uste dut. Niretzat, transmititzea da garrantzitsua. Neurtzen da [bertsoa], agian txapelketei zentzu bat emateko, jendea motibatzeko. Ez dut kritikatzen, baina iruditzen zait sentsazioak neurtzea dela eta hori ezin dela egin. Pertsona konkretu batek sentitzen dituen horiek neurtu ditzakezu, eta hori egiten da. Publikoari zerbait transmititzen badiozu, ondo ari zara, zeure burua gustura ikusten baduzu ere bai; gehiago da sentsazioak sortzea eta erantzunak neurtzea, puntuak baino".

 

Ander Lipus antzerkigile eta antzezleak Berrian: "Antzerkiaren ulertze bat bada hemen [Ipar Euskal Herrian]. Sensibilidade bat, Hegoaldean ez dagoena, agian 40 urteko diktadura bat izan genuen eta 40 urte hauetan eskuak moztu zizkiguten. Ez da transmisiorik egon, ez bada, agian, bertsogintzan. Baina antzerkian dena askoz ere kontrolatuagoa zegoela iruditzen zait. Iparraldean, aldiz, ezagutza hori badago".

 
 

Aitor Gorosabel Su Ta Gar taldeko kideak Gaztezulo aldizkarian: "Askotan esaten diot jendeari: ‘Aizu, hartu gitarra bat eta igo oholtzara!’. Baina inork ez du egiten. 700 kontzertu baino gehiago egin ditugu, eta hori ez da sofan etzanda egiten. Aitak esaten zuen: ‘Ez dago ekimen handiko tonto bat baino ezer okerragorik’".