Uscal-Herrico Gaseta: Biba Independentzia!


2008ko urriaren 12an
BNF / Fermin Arkotxa
1848ko ekainean euskarazko lehen aldizkaria kaleratu zen: Uscal-Herrico Gaseta. Euskaldunen artean propaganda egiteko helburuz sortu zuen Agosti Chahok, Ariel aldizkariaren euskarazko bertsio gisa, eta bi zenbaki besterik ez dira ezagutzen. Aldizkariak hasieratik sortu zuen eztabaida eta hasieratik izan zituen etsaiak, ezkerretik zein eskuinetik. Fermin Arkotxa ikerlariak honela dio horretaz: “Gutun anonimoak agertu ziren, bereziki Baionako burgesia erregetiarraren egunkarietan. Leporatzen zioten ‘eroa’ zela eta Euskal Herriko ‘gizarte ordena’ irauli nahi zuela. Baina barkatzen ez ziotena zera zen: bere ideia iraultzaileak euskaldunen artean zabaldu nahi izatea”.

Bereziki gogorrak izan ziren Journal du peuple eta l’International-en hitzak, Chahok zenbait apaizekin zuen harremana kritikatuz edo euskara mespretxatuz. Urkizuren esanetan orduko ideiak ez ziren euskararen aldekoak: “Garai hartan argot horiek desagertu egin behar zirela uste zuten, Frantziaren izenean, eta ezkertiar batzuen iritzia ere oraindik bada hori” dio idazle lezoarrak.

Dena den, bizitza laburra izan arren, mezu borobilak bota zituen Uscal-Herriko Gasetak, eta etorkizunerako galdera erretoriko ederra utzi zuen azken zenbakian: “Nork oihu eginen du (...) Biba independentzia! Biba errepublika! Biba Eskual Herria?”. Nabari da galdera desio bihurtzen dela Chahoren erraietan.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Agosti Chao
2018-11-06 | ARGIA
"Agosti Xahoren biografikoa" aurkeztuko du Asisko Urmenetak Atharratzen

AztiHitza. Agosti Xahoren biografikoa. Hala du izenburu Asisko Urmenetaren azken lanak. Azaroaren 24an Xahoenean aurkezpen ilustratu-musikatua egingo du 19:00etan. Jan-edana izango da tarteko eta 21:00etan Patxi Saizek kantaldia eskainiko du.

 


Agosti Chaho
Gorrien eta abertzaleen aitzindari
Atharratzeko Chahoren (1811-1858) bizitza eleberri erromantikoa da. Euskal abertzaletasunaren aitzindaritzat jotzen dena, ezkertiarra eta laikoa zen. Pentsaera deserosoa zuenez “ameslarien” ziegan giltzaperatu dute batzuek. 150 urteren ondoren, bere ideiak bizirik... [+]

Eguneraketa berriak daude