argia.eus
INPRIMATU
Hard-rock eta punkaren hondamendiko geziak
  • La Banda del Abuelo ::So’ik’so libre y salvaje

    Autoekoizpena

    iraupena ::33’46’’

    prezioa ::5€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2008ko urriaren 12a
Arrasateko talde honek ez du Arrasatekoa izan nahi edo hobe esanda herri horretako gauza askotaz nazkatuta dago; horregatik taldea sortu eta musika egiten du. Oso kritikoak dira eta gizon zuriari aurka egiteko azala gorritzen utzi dute. Disko hau legegabe hauen bigarren lana da, honako hau ere taldeak berak artisauen moduan grabatu eta egina. Diskoaren izenburuan Ruper Ordorikaren esamoldea hartu izana ez da kasualitatea, hitzak asko zaintzen dituzte-eta. Ironiaz baliatuta, ezinegona eta amorrua euskaraz eta gaztelaniaz kanporatzen dute. Musikari dagokionez, punkari uko egiten diotela esaten badute ere, horren aztarnak eta amorrua erraz antzeman daitezke, emaitzaren oinarria hard-rocketik oso hurbil badago ere. Spaghetti Rock deritzon koktelean didjeridooa ere presente dago.
«Punka aspalditik hilda dagoen iraultza bat da: DVDak, CDak eta kamisetak saltzeko bakarrik balio du»

Arrasaten hain presente dagoen kooperatibak bultzatu zaituzte “larre bila” klandestinitatera joatera?


Arrasaten dirua eta itxurakeria besterik ez dago: kooperatibetan gerentziatik beheraino sabela bete aho bero, eta gazterian rock-and-rolla, farlopa eta snowboard-a besterik ez dugu ikusten. Gu auzoetako erreserbatan bizi gara!

Noiz erabaki zenuten gizon zuriari gerra egitea?


Punka gezurra zela konturatu ginenean. Edonor izan daiteke punkya hala janzten bada edo lau tontakeri esaten baditu. Punkak DVDak, CDak eta kamisetak saltzeko bakarrik balio du; aspalditik hilda dagoen iraultza da. Horregatik erabaki genuen gizon zuriaren kontra borrokatzea.

Zuek egiten duzue guztia bakar-bakarrik: musika grabatu, banatu, bideoak egin, muntatu… Ez zarete inorekin fidatzen?


Autogestioak sekula baino aukera gehiago ematen dizkizu zuk zeuk nahi duzuna egiteko. Orain dela 20 urte ezinezkoa zen, baina gaur egun posible da. Bestalde, kakaren hurrengoak garen aldetik inor ez zaigu etorriko laguntza eskaintzera. Ez dugu saltzen, ez gara ezagunak eta gainera ez gara guapoak. Punka mugimendu klasista bihurtu da.

Zer ikasi beharko genuke “Aitona”-rengandik?


Ezer ez. Guk ez dugu saltzen ideia, slogan ezta panfletorik. Ez dakigu jotzen ezta abesten ere. Hobe da beste talde batzuk entzutea. El Desvän del Macho, Lobo Electrico edo Motorsex adibidez kontuan hartzekoak dira. Horiekin askoz gehiago ikas daiteke.

Arrazoiren bat daukazue hitzak diskoetan idatzita ez sartzeko? Nik dakidala hitzei garrantzia ematen diezue…


Saiatzen gara ahotsak ulergarri grabatzen, baina ez dugu digipack edota diseinu berezirik erabiltzen. Bestalde, gaur egun tontakeri hutsak abestu ohi dira: “Gora futbola” edo “I love you baby”; ingeles kaskarra entzuten aspertuta gaude erabat. Hitzak zaintzea eta ganorazko gauzak esatea gustatzen zaigu.