Munitibarretik igota ordubete pasatxoan izango gara goian. Autoa nahiko goraino igotzeko moduko bidea aurkituko dugu. Gorantz apurka-apurka, hiru pauso aurrera eman eta atzera begiratzeko moduko paisaia izango dugu. Busturialdea dugu behean, eta Urdaibaiko itsasadarra ere ikus daiteke, eguraldiak lagunduta, nahiko garbi. Oizerako bidean ez dugu gerizperik izango; ez dago zuhaitz askorik, eta horrek duen abantaila denbora guztian behera begira Bizkaiko bazterrak ikus daitezkeela da.
Gero eta handiago ikusten dira Oiz gaineko errotak, baina haien ondora heltzean, orduantxe harritzen gara euren handitasunaz. Jarraitu dugun bidetik errotarik berrienen ondora helduko gara, San Kristobal ermitaren ondora. Baliteke autoren bat edo beste ikustea. Ingurune horretan lasai egon eta zertxobait jateko moduko mahaiak aurkituko ditugu. Iturri bat ere badago, San Kristobaletik hartu eta ezkerrerantz doan bidean. Ur fresko-freskoa dago bertan. Ingurunea aspalditik izan da alboko herri txikien topagune, eta oraindik ere, uztailaren 10ean, San Kristobal egunean, jaia izaten da Oizen, erromeria eta guzti.
Tontorrera heltzeko tartetxo bat geratzen da ermita ondotik, baina dagoeneko ia bertan gaude. Mungialdeko herritxoak, Zornotza, Lemoa eta Durangaldeko mendilerro ikusgarria ikus daitezke. Anboto parez pare, Durango eta Abadiño ikusiko ditugu.
Aurreraxeago dolmen bat dago, Joxemiel Barandiaranek aurkitutakoa. Errotekin egiten duen kontrastea ikusgarria da.
Errota erraldoien besteko inpresioa eragiten dute Oiz tontorreko antenek. Postontzien alboan, Lea-Artibaiko lurrak ikusten dira alde batetik, eta bestetik, Gipuzkoa eta Arabako mendi garaienak, Udalaitzez gain. Erroten bidea ez da hemen amaitzen. Bertatik jaitsi eta Trabakua gainerantz doan bidea ikusiko dugu.
Errotak baino askoz gehiago
Parke eolikoa ezarri zenetik mendi berezia da Oiz, eta errotak jarri aurretik ere berezia zen antenengatik. 1985ean antena horien kontra jota hegazkin batek istripua izan zuen, eta ordutik mendiaren memorian leku beltza hartu du istripu horrek. Gauza horiek guztiek esanguratsu eta ospetsu bihurtu dute mendia, onerako zein txarrerako, baina Oiz askoz lehenagotik da berezia inguruko biztanleentzat.
Anbotoko Marik bizilekuz aldatu eta Oizeko bidea hartzen zuela zioten antzinako euskaldunek. Gure arbasoentzat leku esanguratsua zen zalantza barik. Arinago San Kristobal ondoko dolmena aipatu dugu. Horrez gain, beste lau dolmen ere aurkitu dituzte Oiz inguruetan.
Bere altzoan hainbeste herri izanik, mendia erdigune eta bilgune izan da euskaldunentzat. Bertatik Gernikako Batzarretarako deiak egiten ziren: su handi bat pizten zen inguruko herrietatik ikusteko, eta adarrez egiten zen deia. Gaur eguneko trafiko eta zaratarik ez zen garai horietan, urrunetik entzuten zen Oizen deiadarra, Bizkaiko beste lau deiadar-mendienarekin batera.
Mendiaren bizkarrezurra diruditen errotak, antenak... Oiz ezagutu aurretik, itsusia dela pentsa dezake batek baino gehiagok. Baina behin gailurrera igota, Bizkaiko edertasunaz txunditzen da norbera.