argia.eus
INPRIMATU
Landareak
Zuribidean
Jakoba Errekondo 2008ko urriaren 12a
Landareak
Milaka urtetan mendietan bezala, urkiaren (Betula sp.) azal zurixkek marraztu dizkigute azken aste hauetako sail honen mugak. Mendi urdinetan nabarmen dira zuriguneak. Baita gorriuneak ere: matarrasak eraitsitako baso osoak, paisaian ebakitako zauri ikaragarri horiek orbainduko dituen ukendurik ez da. Lur gorriak larru gorritan. Noiznahi da odolgiro gure mendietan. Nola-hala berdetuko dira, baina gerora, berdea heltzen denean ere orbaina ikusgarria izango da, hantxe nabariko da, ikusi nahi duena begi bakarra bada ere, ageri.

Basoaren ustiaketa motzaren ondorio da odolgiro gori hori. Garai batean gorrituko zuten basoa horrela! Ezta pentsatu ere! Gaur bai, nonahi merke zuhurrean lapurtzen dugu zura, etxekalte. Kalterako odolgiro horrek berebiziko emaitzak dakarzkigu. Espezie bakar batez osaturiko baso eskasak, pinudi eta eukaliptadi, batez ere. Ilarakako landaketa uniforme militar horietan beste zuhaitzek ez dute lekurik. Ezta etxeko teilak azpian jasotzen dituzten mugarriak urrutitik antzemateko eta mugak mugiezin izateko garai batean geure odoleko asaben batek landatutako urki zuriek ere. Birretxekalte.

Zurietan beste bi zuhaitz, behinik behin, baditugu kaltetuak. Militartze horretan, epaitu eta desagerrarazte horretan amilbururatuak. Zurzuria (Populus alba) bat. Urkiaren aldean hau bai zuria; azal, adar, hostope... Dena da zuri-zuria, beste zuhaitzen artean bistakoa. Lorategi edo espaloietako txorko kartzela horietako bakanak kenduta, zaila da ikusten. Lehengo batean, Ernio tontorreko gurutzada goragalegilera bidean, etxe baten aldamenean harro ageri zen zurzuri bat, Frantzia-haizearen zirimolekin porrusalda dantzan, gona aurreko eta azpiko ezin zuriagoak erakusten. Bestea, hostazuria (Sorbus aria). Azpiko gona besterik ez du honek zuri. Hostoen azpialdea, alegia. Zuria urriagoa du eta bera ere halaxe da. Mendi tontor inguruak eta toki garaiak ditu egokiak eta jendea dela, gurutzeak direla... gero eta toki gutxiago du bere.