argia.eus
INPRIMATU
Kosmojet
Izarretako estrategen guda
  • Luditoys enpresak Kosmojet: Izarretako misioa izeneko mahai jolasa aurkeztu du. Lurra birkonkistatzeko, ezinbestekoa izango da norberaren esku dauden armak tentuz erabiltzea.

    Luditoys enpresa sortu berriak hartu du Argia Jolasak-en lekukoa. Kosmojet estrategia-jokoarekin eman du lehenengo urratsa, eta etorkizunera begira egin du. 5777. urtea da. Denbora asko pasa da gizakiek Lurra utzi eta Eguzki sistematik kanpo lau inperio sortu zituztenetik, eta bada garaia etxera itzultzeko. Planeta birkonkistatzea dute xede, baina zibilizazio bakoitzak bere nahia inposatu nahi du eta elkarren aurka borrokan hasiko dira. Gutako jokalari bakoitza inperio bateko komandante-buru bihurtuko da. Misio argia izango du: gainerako zibilizazioei aurre hartu eta Eguzki sistema osoaren jabe egitea.
Jon Torner Zabala @jtorner 2008ko urriaren 06a
Kosmojet mahai jolasa
Horretarako indarra, abilidadea, inteligentzia eta batez ere estrategia-sena zuzen erabili beharko ditu. Indarra, bere espazio-ontzia gudan sartzean arerioa garaitzeko; abilidadea, kolonia panelekin biltegiak, komunikazio dorreak, kolonia etxeak eta zentral energetikoak eraikitzeko; inteligentzia, galderei zuzen erantzuteko; eta estrategia, borrokan hasi, lehengaiez hornitu, kanpamentuak eraiki eta galderak erantzuteko une eta leku onenak topatzeko. Lehiakide bakoitzak bere espazio-ontzia tableroan zehar laukiz lauki gidatuko du, beharrezko planeta kopurua konkistatu eta abiapuntura salbu itzultzeko. Dadoa bota duenak erabakiko du arerioaren aurka oldartuko den ala ez, planeta hau ala beste konkistatzen saiatuko den, itzalean egon eta une egokia iritsi arte ihesean ibiliko den ala, aitzitik, jokoa hasi bezain laster etsairik ipurterreenaren papera hartuko duen.

Garaile izateko hainbat froga pasa beharko dira. Arrakasta zortearen menpe izango da batzuetan, baina litekeena da astronomiari eta geologiari buruzko galderak erantzun behar izatea. Horretarako, planeta bakoitzaren ezaugarriak laburbiltzen dituzten txarteltxoen eta arau-orrietan aurki daitezkeen azalpenen laguntza izango dute lehiakideek. Bide batez, Eguzki sistemaz gauza gehiago deskubrituko dituzte, gainera. Horixe da, hain justu, Luditoys enpresaren helburuetako bat: dibertituz erakustea.
Kosmojet jolasaren datuak
  • Mahai jolasa: Kosmojet:Izarretako misioa
  • Adina: 8 urtetik gora.
  • Edukia: Jolas taula, kartoizko lau espazio-ontzi, 80 planeta txartel, 9 eraikuntza panel, 14 kalte fitxa, 24 kolonia fitxa, dado bat eta dado berezi bat eta arau orria
  • Prezioa: 33 euro. Argiako harpidedunentzat %15eko deskontua.
  • Eskaerak: 943 368661 edo info@luditoys.com