argia.eus
INPRIMATU
Garaian garaiko
Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2008ko urriaren 12a
Argia
Argiak bere marka berritu du, eta beronekin batera, aldizkariaren azala. Erroak mantenduz, irudi modernoagora egokitu nahi izan dugu.

Orain arte egindako ibilbide luzeak erakusten duenez, garaian garaiko lekukoa izaten saiatu gara beti. Bai artez eta bai moldez. Ahalegin horren emaitza duzu, irakurle, zenbaki honekin batera estreinatu dugun azala, eta beronekin batera, gure izatearen ispilutzat jo nahi dugun ikurra. Estetika, gustuak eta beharrak ere aldatu egiten direlako, taxu modernoagoa duen jantzia eman nahi izan diogu gure izenari; gure erroak atzean utziko ez dituen itxura berritua, aurrekoen arrastoa desegingo ez duen irudi gaurkotua.

Proiektu eta berrikuntza sorta baten atarikoa duzu marka berri hau, aldizkaria bera eta Argiaren izenean plazaratzen diren beste argitalpenak egokitzera, bateratzera helduko diren aldaketen lehen urratsa.