Fermin Arkotxa: 'Ahal bezain hurbileko Chaho ezagutarazi nahi nuke'

Fermin Arkotxak hamar urte baino gehiago daramatza Atharratzeko Chahoz tesia egiten. Hastapenetan Baiona eta Bordeleko unibertsitateko Euskal Ikasketen sailean aritu zen eta urte bete da Sorbonneko unibertsitateko XIX. mendeko Historia Ikerketa Zentroan buru belarri sarturik dagoela.

Berak dioenez, Parisen, Euskal Herrian baino askoz harrera hobea izan dute bere lanek, “gezurra badirudi ere”. Chahoz eta bere inguruaz bibliografia zabala erabili du ikerketarako –mila erreferentzia baino gehiago bildu ditu dagoeneko– baina batez ere jatorriko iturrietara jo du, argitaratuak izan ala ez. “Ni saiatu naiz postulatorik gabe lan egiten. Aitortzen dut hasi nintzalarik ezer gutxi nekiela Chahori buruz, eta uste dut suerte bat izan dela. Ezagutzeko, ulertzeko egarriak bultzatu ninduen ilunpean zegoena argitzera”.

Esaguzu, zein da zure tesiaren funtsa edo mamia? Zer nahi duzu erakutsi ikerketarekin?


Gogoa nuke Chahoren pertsonaia, bere osotasunean, bere alde anitzekin, nere ustez merezi duen tokian ezartzea historian, eta bereziki Euskal Herrikoan; nolabait ere, ez Chaho amestu bat, ezta Chaho asmatu bat ere, baizik eta izan zen pertsonatik ahal bezain hurbileko Chaho euskaldunei itzuli nahi nieke.

Orain artean Agosti Chahoz egindako ikerketez zer esango zenuke?


Chahori buruz asko idatzi bada ere –uste dena baino gehiago–, arazo larri bat bada: idazki horiek, maiz, beraien autoreen kontzepzio filosofiko-politikoek gidatzen dituztela. Horri gehitu behar zaio itxura “ederrez” azaltzen diren ikerketa batzuen arinkeria, historia edo frantses hizkuntzaren ezagutza eskasak, aurreiritziak… Jakina, ez dago beti borondate kontzienterik historia faltsifikatzeko, baina interpretazio okerrez eta hutsune ikaragarriz beteak daude. Horregatik, neofito batendako zaila da bereiztea zerk duen balio eta zerk ez.

Askoren ustez bera izan zen euskal abertzaletasunaren aitzindaria. Horrela al da hori?


Piarres Lafitte apezak, 1941ean idatzi zuen Chaho “euskal ezkertiar abertzaletasun mota baten aitona” zela, “bereziki mendien bertzaldean loratu dena, ‘Eusko Abertzale Ekintza’ izenarenpean”, eta ez zebilen gaizki. Halere, iruditzen zait eragina zabalagoa izan zuela. Adibidez, Sabino Aranari ere sumatzen zaio Chaho nolabait ezagutzen zuela, ez bazezakeen aitortu, ezkertiarra eta laikoa zelako.

1848ko Iraultza arte, argi eta garbi aldarrikatu zuen independentzia Euskal Herri osoarendako, Nafarroa barne. Baina ez da ezkutatu behar, errepublika garaian “Frantziaren batasun banaezina” aldarrikatzen zuela eta independentzia “Hegoaldeko” herrialdeendako bakarrik on iruditzen zitzaiola. Napoleon III.a izan zenak estatu kolpea egiten zuenetik, berriz ere Euskal Herri osoaren independentziaren alde jarri zen.

Historialari ugarik bere jarrera sutsua, "irudimen fantasiosoa", esoterismoa... aipatzen dituzte. Ez al da hori bera deskalifikatzeko modua?


Bera “errepublikar iraultzailea” eta “gorria” zen, bere burua kalifikatzeko erabiltzen zituen hitzak dira. Eliza eta monarkiaren instituzioak bortizki eraso zituen bere bizitza osoan. Euskal Herriaren independentziaren aldeko zituen ideiak ere ez ziren denen gustukoak. Xehetasun gehiagotan sartu gabe, horiek guztiek esplikatzen dute erregetiar, eliztar eta kontserbadore batzuengandik baztertua eta deskalifikatua izatea.

Batzuengandik diot, apezen eta erregetiarren artean ere adiskide minak baitzituen, argiak eta irekiak zirenak. Jean-Marie Hiribarren apez azkaindarrari gutun batean idazten zion: “Euskal kleroa maite dut, nere herria maite dut denak baino lehen eta denen gainetik”. Haren ideien etsai amorratuenak, Chahoren ideologia edo teoria bereziak bere bertze lanetatik bereizteko gai ez zirenak bederen, edo ez dute haren izena aipatu, edo bi hitzez likidatu nahi izan dute, gure historiatik ezabatu.

Idazle bikaina izateaz gain, euskalgintzan eta gramatikan asko sakondu zuen. Jabetzen al gara arlo horretan Chahok izan zuen erudizioaz?


Lehenetakoa izan zen euskal kantuak aztertzen, baita bertsolaritza ere. Gainera, Euskal jokoak, dantzak, maskaradak, pastoralak... deskribatu zituen, tartean zer edo zer asmatzen zuelarik, egia da, baina garai haietan jokabide nahiko arrunta zen hori. Arlo horien guztien historia berezietan ere ezin da Chaho baztertu. Hala ere, horretaz hitz egitean, beti arazo beraren aurrean gara: Chahoren teoriek, adibidez euskararen jatorriari buruz, badutela alde berezi bat, maiz beste alde onak ezkutatzen dituenak. Alabaina, jakin beharko litzateke Chahoren kezka nagusietako bat ortografia eta hizkuntza batu baten gabezia zela, eta lan horietaz arduratuko zen hizkuntza akademia bat sortzea proposatu zuela. Ikusten da, euskalgintzan ere bere garaiko euskaldun anitz baino posizio ausartagoak zituela eta ez da arrazoirik hobeki ezagutua ez izateko, harekin ados izan ala ez.

Karlisten alde egin zuen "mugimendu herrikoia" zelako, baina karlisten agintariak ez zituen maite, ezta? Eta zer iritzi zuten karlistek Chahotaz?


Nere iritziz, Chahok ikusten zuena zen aukera bat Euskal Herriko Foruak gordetzeko. Harendako, Foruek edozein kondizioko euskaldunei biltzar desberdinetan parte hartzeko aukera ematen zieten, horregatik demokratikoagoak zitzaizkion. Gainera, errege-erreginak bota eta Espainia estatu federal bat bilakatuko zela espero zuen berak. Funtsean, Euskal Herria errepublika independente bat izatea zen bere ametsa.

Karlista buruak ez zituen ez denak biziki maite, Zumalakarregi salbuespena da. 1835ean Nafarroara egin zuen bidaiatik, badirudi txistu bizian ihes egin behar izan zuela. Berak dio Don Karlos “zozoaren” –“imbécile” hitza erabiltzen du– gorteko inkisidoreei salatua izan zela.


Esan liteke Chaho ez ulertua dela? Oraindik ez dela gure artean ezagutzen?


Zure bi galderen erantzunak trukatuko nituzke: Chaho ez dela ezagutzen erratera ausartuko nintzateke. Ezagutzen dena biziki zatikatua da, eta hori nahasi da eman izan zaizkigun irudi okerrekin. Ondorioz, normala da “ez ulertua” izatea. Nola izan daiteke bestela?

Nola deskribatuko zenuke hitz bitan?


Gauza bat azpimarratu nahi nuke: Chahoren garaia XIX. mendeko lehen erdia da, ez bigarrena, zientzia eta teknikak sekulako aitzinamenduak ezagutuko dituena. Hor daude, hozitzen, prestatzen, eta Chahok hori sumatzen du, badaki aldaketa gaitzak badatozela gizartearen alor guztietan. Alde anitzetatik, bere garaiko gizon erromantiko modernoa zen, eta ez atzeratua.

Bizi osoan Euskal Herria izan zen bere kezka nagusietarikoa eta garaiko egiazko errepublikarra zen gazte-gaztetatik, irakaskuntza publiko laiko eta doan baten aldekoa, prentsa askearen eta hauteskunde demokratikoen defendatzailea... Hitz batez, ororen gainetik uste dut, bere hitzak errepikatzeko, “amodio saindua” ziola askatasunari.

ASTEKARIA
2008ko urriaren 12a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Agosti Chao
2018-11-06 | ARGIA
"Agosti Xahoren biografikoa" aurkeztuko du Asisko Urmenetak Atharratzen

AztiHitza. Agosti Xahoren biografikoa. Hala du izenburu Asisko Urmenetaren azken lanak. Azaroaren 24an Xahoenean aurkezpen ilustratu-musikatua egingo du 19:00etan. Jan-edana izango da tarteko eta 21:00etan Patxi Saizek kantaldia eskainiko du.

 


Agosti Chaho
Gorrien eta abertzaleen aitzindari
Atharratzeko Chahoren (1811-1858) bizitza eleberri erromantikoa da. Euskal abertzaletasunaren aitzindaritzat jotzen dena, ezkertiarra eta laikoa zen. Pentsaera deserosoa zuenez “ameslarien” ziegan giltzaperatu dute batzuek. 150 urteren ondoren, bere ideiak bizirik... [+]

Eguneraketa berriak daude