argia.eus
INPRIMATU
Abarrak
Matematikaren izen-abizenak
Unai Brea @unaibrea2 2008ko urriaren 12a
Matekaren inguruko erakusketa
El rostro humano de las matemáticas. Iruñeko Planetarioan. Urriaren 31ra arte.

“Pertsona jantziak Mozart, Van Gogh, Dalí, Shakespeare, Cervantes edo Chaplin bezalako buruargi edo jakintsuen obra eta bizitza ezagutu behar dituela suposatzen da. Hala ere, ulergarri eta justifikagarria da beste jakintsu batzuei buruz ia ezer ez jakitea”.

Horrela aurkeztu du Espainiako Matematikaren Errege Elkarteak El rostro humano de las matemáticas (Matematikaren giza aurpegia) erakusketa. Agian, zientziaren adar horren abstrakzioak eragiten du pertsona jantziak matematikan biluz izatea; erakusketa honek oso eremu konkretura ekartzen du abstrakzio hori: 25 mendez matematika “osatuz” joan diren zientzialarietako batzuk aurkezten dizkigute, batez ere egin zituzten aurkikuntzen berri emanez, baina haien bizitzen bestelako pasarte batzuk ere gogoratuz.

Hogei izen guztira, bakan batzuk –Pitagoras, Newton, Descartes...– hasierako paragrafokoen maila berekoak ospez, gehienak ezezagun samarrak. Baten batek daki, esaterako, probabilitateaz zeuzkan ezaupideei esker dadotan jokatzetik bizi izan zen Geronimo Cardano nor izan zen? Inork ezagutzen al du Evariste Galois, bere teoria gehienak espetxean garatu eta, hogei urte zituela dueluan hiltzeko bezperan, lagunei bidalitako gutunean jaso zituena? Eta nork aditu du behin ere Sofia Kovalevskayaren izena? Emakumeek ikastea galarazita zuten garai batean, mila trikimailu asmatu behar izan zituen debekatutako apunteak eskuratzeko, maite ez zuen gizonarekin ezkontzea barne.

Halako pertsonaiak aurkeztuko dizkigute, hilaren 31ra arte Iruñeko Planetarioan. Donostiako Zientziaren Kutxagunean hiru hilabete eman zituen erakusketak eta,mihiluzeek diotenez, oharkabean igaro zen. Ea oraingoan suerte handiagoa duen. Badakizue, arrakasta ez da zientzia zehatza.