Maddi Soroa
I
Sarri zaratak soinuarekin
nahikoa alde ez al du?
diferentzia nabarmena da,
gutxi batzurentzat salbu.
Iraila hasten zaigun sasoian
ta udak indarra galdu…
soinuak berez urritzen dira
eta zaratak ugaldu.
II
Industrialde asko egin da
gunetikan aterata.
Irailarekin lanera doaz
auto pilak ilaraka.
Txirrindan gutxi abiatzen da
urruntasuna dela-ta,
orain autoek sortu ohi dute
enpresek hainbat zarata.
III
Eta zarataz ari garenez
goazen autotik motora:
motozalea igo daiteke
zarataren Olinpora.
Sikoanalistei galderatxo bat
azaleratuz gustora…
Azeleratze zaratarekin
nor sentitzen den asko da?
IV
Suhiltzaile ta anbulantzien
sirena hotsek ze gudu!
Zabor-biltzaile, belar-moztaile,
herri-lan asko ditugu.
Baina kexatu ote gintezkeen
ez nago oso seguru
aurretik “herri” daramanean
hobeto onartzen dugu.
V
Gure auzoko bizi(laguna?)
zergatik ez dugu hartzen:
egun eta gau, dinbi ta danba
etxe-hormak mailukatzen.
Gozatzen al du, iltze, puntapax
edo bro(n)ka-punttak sartzen?
Horren zioaz sikoanalistei
galdetzen ez naiz ausartzen.
VI
Egunotako sentimendua
bota dut halabeharrez
baina zaratak ez nauka zertan
jarri bekoki haserrez.
Bizi-seinale ere badela
uler bainezake errez:
Hil-kutxan ez da zaratarikan,
haurra sortzen da nigarrez.
Doinua: Andre txarraren bentajak.