Iazko Donostia Hiria literatur lehiaketan gaztelaniazko antzerki saria irabazi zuen Francisco Romerok (Torralba de Calatrava, Espainia, 1961) Shylock Gallerie lanarekin. Hiru pertsonaiaren gainean eratutako antzezlana da: ilusio eta goranahi izugarriz osatutako artelana galeriarik ospetsuenaren bidez aupatu nahi duen margolari gaztea; galeria horren jabe eta sustatzaile buruargia; eta hark erabili ohi duen arte kritikaria, inguratzen zaizkion artistetatik interesgarrienen lanak oihartzuna izan dezaten lan egiten duena. Urte asko daramatza kritikariak galeria jabearekin, baina minduta dago, berak asko maite zuen margolari gazte baten heriotzaren erruduntzat jotzen duelako. Eta emakumearen maltzurkeriari aurre egiten ahaleginduko da.