argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
Ibarretxe-Lopez, lehia zabalik da jada
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 02a
Juan Jose Ibarretxe
Argazki Press
Juan Jose Ibarretxe laugarrengoz EAJren hautagaia izango dela jakin ondoren, saio berri honen ezaugarritzea da orain airean geratzen dena. Joango da zehazten apurka, baina beti ere EAJren baitan diren bi sentsibilitate nagusien nahietara egokitu beharko da: Ibarretxek berak azken bi legealdietan gidatu duen ikuspegi soberanista eta gaur egun EBBk ordezkatzen duen EAJren ohiko pragmatismoa.

Lehenik eta behin, pragmatismo horrek hauteskundeetarako Ibarretxeren hautua egitearen aldeko apustua dakar, batzuetan deserosoa izanagatik ere, jeltzaleen artean egun dagoen liderrik sendoena delako. Eta, bestetik, PSOE eta PPren botoei aurre egiteko, egungo Ajuria Eneko maizterra delako boto bilketarako apusturik eraginkorrena.

Horren lehen adierazlea EA da: Joseba Azkarraga hasi da jada EAJrekin koalizioan joateko kanpaina egiten. Eta EAk bakarrik joatea erabakita badu ere, oso posiblea da azkenean 2001eko eta 2004ko koalizioa berriz errepikatzea.

Bere alderditik harago ere Ibarretxek badu irudi on eta jarraitzailerik, eta egia esan indar abertzaleek beharko dute tiradizorik PSEren bultzadari eusteko. Egia da Patxi Lopez oso urruti dagoela Ibarretxek duen karismatik, baina egia da baita ere PSE gorako emaitzak ari dela erakusten azken hauteskundeetan, izan hauek mota batekoak edo bestekoak. Haga horri eusten diote
sozialistek tinko, esanez gizarte aldaketaren fruitu direla emaitzok eta abertzaleak ez direla hortaz ohartzen. Patxi Lopezek irudi sendoa irabazi du sozialisten baitan, baina hala ere, lehendakaritzarako hautagaitza hobea ere aurkez zezaketela entzun izan da, batez ere Bizkaia aldean: Eduardo Madina moduko apustu gazte batekin, PSEk alternatiba sendoagoa osatuko lukeela uste du askok.

Ibarretxeren popularitateak jeltzaleen lerroak samur gainditzen baditu ere, Ibarretxe Plana eta Kontsulta Legearen porrotek asko higatu dute bere irudia, batez ere printzipioetako tinkotasun hori praktika politikoan oraingoz jarraipenik ematen asmatu ez duelako.

PSEri ez zaio komeni PPrekin 2001eko koalizio espainiarzalea eratzea, baina sakonean orduan eskaintzen zuten apustu bera da euskal gizarteari eskaintzen diotena, batez ere PSOEk Loiolako prozesua guztiz baztertua duenean.

2001ean bezala, oraingoan ere lehia zorrotza aurreikusten da, areago oraindik ENAMek bere ordezkaritza eratzeko zailtasun oso handiak izango dituenean. Zentzu honetan, ezker abertzalea jadanik zerrenda erabat garbia prestatzen hasia dela argitaratu zuen joan den igandean El País-ek. Zerrenda osatuta ere, denak adierazten du oraingoan ez zaiola ubiderik utziko.