argia.eus
INPRIMATU
Joan zen uda
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 02a
Joxemari Ostolaza
Eta larrazkena heldu. Bero joan zaigunak ez ditu berri onak ekarri. Gasteizko Gobernuak, bizibidetik hara badirudi agindu eremu urria duela bere planak aitzinarazteko. Bere estrategiaren ardatz bilakatu duen kontsulta, publizitatzeaz gain, ez dirudi egingarria denik. Europara joatearenak ere, airera jotako erronkaren antza du, Bruselarako hegazkina aireportutik irteteko gasoilik gabe bailitzan. Sinadura bilketari ekin diote, ohiko publizitate kanpainaren beste atal baten antzera, ospetsuen estilografiken argazkiek indartu nahi balute bezala. Idazle andanak du esana luma arma azkarra dela agintari elkor eta itsuen aurrean. Ez nago hain segur. Datozen asteetan, kultur, kirol, unibertsitate, enpresa, sindikatu eta bestelako arlotako izarrez beteko dizkigute hedabideak, horrek animatu gaitzan. Azpiegitura urriz eginikotan dut eskarmentua, ez dira gutxi izan batean eta bestean euskararen alde bereziki ezagututakoak. Eta emaitzak, inoiz ez dira izan nahi bezalakoak. Marea betean errazagoa denez jauzi egitea, espero dezagun beheranzko korronteak hasi aurretik igerialdia bururatzea, hemengo itsasadarra ez baita barra erraza. Dena den, itoak beti berak, argazki gabeak.