argia.eus
INPRIMATU
André Malraux 1936ko Espainiako gerraz
  • André Malraux ::Esperantza

    Alberdania, Elkar

    orrialdeak ::632

    prezioa ::23€

Pilar Iparragirre 2008ko urriaren 05
André Malraux (1901-1976) Indotxinan ibili zen joan den mendeko hogeigarren hamarkadan, eta garai hartan oinarritutako gertaerekin bi nobela idatzi zituen: Les conquérants (1928) eta Goncourt saria irabaztera eramango zuen La condition humaine (1933). Borrokalari antifaxista sutsua zenez, Franco eta haren militar faxistak Espainiako Errepublikaren aurka matxinatu zirela jakin orduko erabaki zuen indar errepublikarren alde borrokatzera joatea. Eta 1937ko otsailera arte borrokan jardun zuen berak antolatutako hegazkin eskuadrilak, harik eta bertan parte hartu zuten lagun onenak hil edo zauritu eta hegazkinak suntsituta zeudenean, borroka utzi eta AEBetara eta Kanadara joan zen arte, Espainiako Errepublikarentzako laguntza eskatzera. Bidaia horietan sortu omen zen Karlos Zabalak euskaratu duen Esperantza liburuaren ernamuina, faxismoa geldiaraztea posible zela aldarrikatzen zuen lana. Esperantza 1936ko uztailaren 18-19ko gauean hasten da, militar faxistei aurre egiteko asmoz langileria armatzen hasi zenean, eta 1937ko martxoaren 20an amaitzen, 70. brigada mistoak faxisten alde ari ziren italiarrei irabazi zietenean Guadalajaran.
«Espainian faxismoa gelditzeko aukera egon zitekeela uste zuen»

Zein ziren Malrauxen usteak Espainiara borrokatzera joateko?


Malrauxek ikusia zuen nola Hitlerrek Europako alderdi komunistarik boteretsuena deuseztu zuen, nola nazi austriarrek estatu kolpea egin eta boterea eskuratu zuten, eta nola italiarrek Etiopia inbaditu zuten. Espainian, faxismoa gelditzeko aukera egon zitekeen. Eta faxismoaren kontra borrokatzera joan zen Madrilera.

Inor harritu al zuen haren jarrerak?


Ez asko. Malraux oso idazle ezaguna zen ordurako, baina faxismoaren kontra agertutako konpromiso politikoarengatik ere guztiz ezaguna zen.

Madrilera iristean zein lan eman zion Errepublikako presidenteak Malrauxi?


Espainiako gobernuak atzerrian hegazkinak erosteko beharra zeukan. Ez zegoen hegazkin modernorik lortzerik ez Frantzian ez inon gobernuei zuzen eskatuta. Malrauxek Espainiako gobernuaren diruarekin ahal ziren eta hegazkin gehienak erosi eta eskifaiak kontratatu behar zituen. Hori egin ondoren, Malraux berak zuzendu zuen 1936ko abuztutik 1937ko otsailera arte –suntsitu zuten arte– borrokan jardun zuen España eskuadrila txikia. 130bat lagunek osatu zuten: gehienak frantsesak, sei italiar, hiru belgikar, portugaldar bat, bi jugoslaviar, aljeriar bat, errusiar bat, txekiar bat, indonesiar bat eta euskaldun bat ere izan zen, Barca mekanikaria, itzultzaile lana ere egiten zuena, eskuadrilako gehienek gaztelaniaz lau hitz baino ez zekitelako.