Gizako laugarren piramidea ia ezezaguna da. Dyedefra faraoiak eraikiarazi zuen, Keops aitaren lorpenak gainditzeko asmoz. Hortaz, Keopseko piramideak baino 7,62 metro gehiago neurtzen zituen. 5.000 urtetan hareak erdi estalita egon da eta arrastoak ez zituzten Gizako piramideekin lotzen, handik zortzi kilometrora eraiki baitzuten.
Baina azken hamabi urtetan, Zahi Hawass doktorea buru duen taldea piramidean indusketa lanak egiten aritu da eta euren ikerketaren emaitzak Piramide galdua izenburuko bi orduko sail dokumentalean bildu dituzte. Dokumentalean, besteak beste, lau piramideak pasabide amaigabeez lotuta zeudela azaltzen da.