Zaharra berri, asmatu arte

Iñaki Antiguedad
Dani Blanco
Gurean izan den azken (?) gertakari entzutetsutik abiatuko naiz, hango Auzitegi Konstituzionalak hemengo kontsulta-legea ezerezean utzi zuenekoa. Zaharra berri. Beti pentsatu dut hango justizia estatu-arrazoiak duela politizatuta; kasuak nonahi. Baina Konstituzionalaren epai hori ez nuke politizazio horren adibide jarriko. Izan ere, konstituzioa blindatzea helburu duen epaitegiak horixe egin du, garbi utziz lehendik ere garbi zegoena, egungo markoan erabaki-subjektu bakarra dela; badakigu zein. Markoa aldatzea posiblea dela ekarri du epaiak gogora, beti ere markoak berak eskainitako bidetik joanda, eta Gorte Nagusiekin egiten dugu topo. Hemeroteka argibide. Bere horretan ixten da gaurko markoaren zirkulua. Azken 30 urteetan izan da horrela eta beste horrenbestean izan daiteke, hori gainditzerik izan ezean. Lehendakariak gidatu duen planari behintzat jende askoren begietan erabakitzeko-eskubidea ezin gauzatzeko benetako horma zein non den agertu arazi izana errekonozitu behar zaio. Beste gauza da helburu hori zutenentz.

Horma hor, sinetsi ote lezake planaren aldekoren batek euskal jendartea erabaki-subjektua izatea gaurko markotik etorri daitekeela? Grabitate-legea asmatu zuenak zioena gogoan: “Arazo bat ezin da gainditu bera sortu duen pentsaera beretik”. Eta markoa arazoa dugu, hori gainditzen asmatu arte, subjektuen talka emankorrean, pentsaera propiotik abiatuta, traba guztiak bazter uzteko konpromisoaz. Zaharra berri hau ere. Horretarako baldintzak sortze bidean badira argitu beharrekoak, arbolek basoa ezkutatu ez dezaten.

Ekimena politikoa ala juridikoa? Erabaki-subjektua sortzeko bidea politikoa da guztiz. Hori garbi izanda ez dut aparteko arazorik ikusten juridikoki horra-hara joateko, Estrasburgora bada ere, baina beti juridikoa politikoaren menpeko. Gainera, eskubideen urraketa salatzeko bada, erabakitzekoaz gain beste hainbat datozkit burura salatzekoak, bertatik bertara.

Hemen ala han? Markoa aldatzeko giltza hemen forjatu behar da, atea han bada ere. Ekimen politikoa hemen eta hemendik sustatu behar da, ekinez. Lehendakariak udako jardunaldi batean enpresari berritzaileei esana gogoan: “Lozorrotik atera, ekintzaileak izan”. Badu berak ere non eta zeri ekin, berritzailea izateko.

Erabakitzeko eskubidea ala kontsultatua izatekoa? Lehenengoak bigarrena derrigortzen du, bigarrenak, ostera, ez lehena. Ez ditzatela parean jarri. Demokrazia ulertzeko modua. Lehendakariak udako ikastaro batean zioen ez duela: “Anestesiatuta dagoen demokraziarik nahi” eta “euskal gizarteak erabakietan gehiago parte hartu behar” duela. Itxura batean ez zen ikastaroan matrikulatu. Ez al daki zenbat anestesista dituen Lakuan? Ez dadin engainatu, markoa aldatu gabe ere hamaika aukera du parte-hartzea bideratzeko, honetaz edo hartaz, txikitik handira, bide batez subjektu politikoa gizenduz. Lakuako subjektu askoren erabakiak indargabetzeko beldur ote?

Erabakitzeko eskubidea da koska, baina horren beharra espektro abertzalearen logikatik atera eta jendartean zabaldu behar da. Izan ere, jendeak erabaki-guneak hurbil izan eta sentitzea funtsezkoa da, ez bakarrik demokrazia parte-hartzailea sendotzeko; baita gaurko globalizazioak dakarzkigun arazoei, ekonomikoei kasu, hobeto aurre egiteko ere.

Tira, urriaren 25ekoa egoera desblokeatzeko omen zen; egun horretan baina blokeoak bere horretan iraungo du, argiagoa iraun ere. Markoa aldatu beharra daukagunok horretarako baldintzak sortu behar ditugu. Eta mantendu. Lizarra-Garaziko hutsuneak gogoan. Testuak kontestua behar duelako.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude